Azkue Literatur Sariketako bi sari lortu ditu Leire Arenasek

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko mar. 11a, 13:03
2009ko Azkue Literatur Sariketako irabazleak. Leire Arenas ezkerretik hasi eta lehenena da.

Olerkien alorrean eskuratu ditu bi sariak

Saria jasotzeak olerkiak idazten jarraitzeko "indarra" ematen duela jakinarazi du Arenasek

Euskaltzaindiak 2009ko Azkue Literatur Sariak banatu berri ditu eta horietako bi sari Leire Arenas azpeitiarrak irabazi ditu. Sariketa 11 eta 18 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, bai olerkia bai prosaz idatziriko lanak saritzen dituzte.

Olerki alorrean, Leire Arenas azpeitiarrak ere bi sari eskuratu ditu; lehen saria Flora olerkiarekin eta bigarrena Txorien jauzi ttikiz lanarekin.

Olerkian ondoen

Leire Arenas 17 urteko azpeitiarrak ere gustura hartu du saria: "Horrelakoek, dudarik gabe, idazten jarraitzeko indarra ematen dute". Gainera, ez da saria lortzen duen lehen aldia; aurretik beste bi sari eskuratuak ditu. Olerkian moldatzen da ondoen: "Prosa ere idazten dut, baina ez zait hain ondo ematen; beraz, sariketetara beti olerkiak aurkezten ditut".

Flora olerkia liburu bat irakurri ondoren idatzi zuen. Egunero lantegira doan mutiko bat egunero ikusten duen neska etorkin batez, Floraz, maitemintzen da, baina, osatu gabeko maitasun istorioa da, Florak ez baitaki ezer.

Txorien jauzi ttikiz olerkiak gai definiturik ez duela dio: "Irakurle bakoitzak modu desberdin batera uler dezake, gaia irekia duela esan daiteke", dio Arenasek.

219 lan mahai gainean

Aurten, guztira, 219 lan aurkeztu dituzte Euskaltzaindiaren Azkue Sariketara, eta saritutako lan guztien egileak neskak izan dira. 11-14 urte bitarteko lanen epaimahaikideak Yolanda Arrieta, Antton Irusta eta Igone Etxeberria izan dira; 15-18 urte bitarteko lanen epaile, aldiz, Joseba Butron, Ibon EgaƱa eta Jabier Kaltzakorta izan dira.