Ikasberri Krosa ez da egingo, "data librerik ez dagoelako"

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 11a, 10:03

Federatuen mailako eta eskolarteko lasterketa bi alditan bertan behera utzi behar izan dute Ikasberri Kirol Elkartekoek

Lasterketa egingo balute "kalitatea galduko" luketela uste dute kirol elkartekoek

Ikasberri Kirol Elkarteak XII. Ikasberri Krosaren inguruko erabakia hartu du: aurtengoz, ez dute krosa berriz antolatuko. "Kros denboraldia bukatzen ari da, eta lasterketa antolatzeko datarik ez da libre gelditzen, berandu delako horrelako proba baterako. Egingo bagenu parte-hartzaile gutxi izateko arriskua dugu, eta orain arte lasterketak izan duen kalitatea galduko genuke", diote Ikasberri Kirol Elkartekoek hartutako erabakiaren berri emateko orduan.

Lasterketa laguntzeko eta babesteko prest azaldutako eragileei eta enpresei erabakiaren berri emanaz gutun bat igorri diete, eta bide batez, eskerrak ere eman dizkiete. "Bihotz-bihotzez eta benetan sentitzen dugu proba ez egitea. Krosa bi alditan bertan behera utzi behar izan dugu. Bi kasuetan gure asmoa lasterketa egitea izan da. Baina eguraldiagatik goi mailako agintariek emandako aginduei kasu egin behar izan dugu", azaldu dute Ikasberri Kirol Elkartekoek.

Bi alditan bertan behera

Aurten krosa antolatzeko bi ahalegin egin ditu Ikasberri Kirol Elkarteak. Joan den urtarrilaren 10erako prestatuta zuten Ikasberri Kirol Elkarteko arduradunek XII. Krosa. Baina bezperan elurtea iragarrita zegoela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak asteburu hartako aire zabaleko kirol ekitaldi guztiak bertan behera utzi zituen. Hori hala, Azpeitiko krosa ere ez zuten egin. Orduan, Goenako kanpan lasterketako ibilbide guztia antolatuta zuten Ikasberri Kirol Elkartekoek eta ondoren jakin zuten berria.

Urtarrilean egiterik ez eta otsailaren 27ra atzeratu zuten. Baina orduan ere eguraldia kontra izan zuten; Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta gorria ezarri zuen haizete gogorrengatik. Hala, Ikasberri krosa bigarren aldi horretan ere bertan behera utzi behar izan zuten kirol elkartekoek. Bi data jarri eta bi alditan saiatu dira lasterketa antolatzen. Baina urteen poderioz "indartu" duten krosa aurtengoz ez dute antolatuko.