Iraurgi Saskibaloi Elkarteak eta Euskaltelek hitzarmena sinatu berri dute

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 11a, 09:03
Jose Luis Zubizarreta 'Xubi' Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kidea, Mikel San Sebastian Euskalteleko merkatu eta negozioen sailekoa eta Unai Lizaso Euskalteleko Azpeitiko eta Azkoitiko saltokietako arduraduna. (Iraurgi Saskibaloi Elk

Euskalteleko bezero eta kirol elkarteko bazkide direnek fakturazioaren %3a Iraurgiri eman diezaiokete

Ekimen "originala" dela uste dute hitzarmena sinatu dutenek

Euskaltel Iraurgi Saskibaloi Elkartearekin lankidetzan ariko da. Horretarako akordioa sinatu dute operadoreak eta saskibaloi elkarteak. Elkar laguntzeko irizpideak jasotzen ditu hitzarmenak.

Sinatu berri duten hitzarmenaren bidez, Euskalteleko bezero eta saskibaloi elkarteko bazkide direnek, hala eskatuz gero, fakturaren zenbatekoaren %3a Iraurgi Saskibaloi Elkartearentzako izango litzateke. Bestetik, Euskaltelek urte osoan saskibaloi taldea laguntzeko konpromisoa hartu du.

Saltokian eskaera egin behar

Operadoreko bezero izan eta saskibaloi elkarteko bazkide direnek, fakturazioaren %3a Iraurgirentzat bideratzeko, Azpeitiko edota Azkoitiko Euskaltelen saltokietako batera joan beharko dute. Orain edota hemendik aurrera Euskalteleko bezero egiten diren Iraurgi Saskibaloi Elkarteko azkoitiar eta azpeitiarrek ere eman diezaiokete haien fakturaren zenbatekoaren %3a Iraurgiri.

"Ekimen originala"

Hitzarmena sinatu duten bi aldeek azaldu dutenez, "ekimen originala" da. Euskaltel operadoreak, berriz, gaineratu du "aukera egokia" dela Azpeitian eta Azkoitian hain errotuta dagoen kirol elkartea "are gehiago babesteko". Sinatu berri duten akordioaren bidez, Iraurgi Saskibaloi Elkarteko bazkide direnek beste modu bat aukeran izango dute saskibaloi klubari laguntzeko.

Euskaltelek azaldu duenez, enpresa Azpeitian eta Azkoitian finkatuta dago: "Liderra da Telefonia Finkoko eta Banda Zabaleko merkatu-kuotari dagokionez". Kirol elkartearekin egindako hitzarmenaren bidez, Euskaltelek Iraurgiri emango dion laguntza zehaztu dutela esan dute. "Aurten, saskibaloi elkarteak 35. urteurrena du, eta urtean zehar antolatzen dituen jardueretan izango da Euskaltel ere", azaldu dute telefonia operadoreko arduradunek.

Espainiako selekziora

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Aitor Zubizarreta jokalaria azpeitiarra 15 urtez azpikoen Espainiako Selekziora deitu dute. Zubizarretak Iraurgiko kadeteen mailako Sein Mutilak ISB taldean jokatzen du gaur egun.

Hamabost urtez azpikoen Espainiako Selekzioak apirilaren 2tik 4ra, Alcobendasen (Madril, Espainia), kontzentrazioa egingo du. Zubizarretari han parte hartzeko deia egin diote.