Hemen bildu ziren Loiolan

Uztarria.eus 2010ko mar. 10a, 14:03

PSE-EE, Batasuna eta EAJ 2006an Loiolako Arrupe Etxean bildu zireneko gelak-eta erakutsi ditu 'berria.info'-k; orain arte inon ikusi gabeko irudiak dira. Liburua erosteko, hemen eta hemen

2006ko udazkenean PSE-EEk, Batasunak eta EAJk Azpeitian, Loiolan egindako negoziazio politikoaren kontaketa egin du Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, 1966) Loiolako hegiak liburuan, eta berria.info-k alderdi horiek Loiolako Arrupe Etxean zein gelatan bildu ziren erakusten duen bideo erreportajea egin du, zer beste gela erabiltzen zituzten ikus daiteke, non jaten zuten... Orain arte inon ikusi gabeko irudiak dira. Ia 23 minutuko erreportajea da.

Enekoitz Esnaola Uztarria Kultur Koordinakundeko kide ohi eta berria.info-ko azpeitiar kazetariarekin batera izan da Murua Uria Loiolan erreportajea egiten. Lehengo larunbat eguerdian grabatu zuten.

PSE-EEk, Batasunak eta EAJk hamabi bilera sekretu egin zituzten Arrupe Etxean 2006ko udazken hartan, irailaren 20tik azaroaren 15era. Helburua: euskal gatazka politikoa konponbidean jartzea. Loiolan bost korapilo askatu behar zituzten: nazio izaera, erabakitzeko eskubidea, aitortu beharreko beste eskubideak, lurraldetasuna eta akordioa gauzatzeko prozedura. Akordioa lortzear izan ziren.

Berria.info-ko bideo erreportajean bilera gelak-eta erakutsi ez ezik, elkarrizketa politiko haien mamiaz ere jardun du Murua Uriak.

Gaur (asteazkena) aurkeztu du Loiolako hegiak liburua, Donostian. Lana Elkarrek eta Berria-k argitaratu dute. "Egia esan, alde handiagoa espero nuen batzuen eta besteren arteko kontakizunetan", esan du kazetariak gaurko prentsaurrekoan —batik bat, Egiguren, Otegi eta Urkullurekin mintzatu zen libururako—. "Irakurleak Loiolako mahaian gertatu zenari buruzko ideia bat atera dezake". Agiri nagusiak ere eman ditu.

Bihar, Martin Ugalde Foroan hitzaldia emango du kazetariak, 19:00etan, Andoainen —Berria.info-k zuzenean emango du—.

man.jpg

(Imanol Murua Uria gaur Donostian, aurkezpenean)