Foru Aldundiak 3,2 milioi euro inbertituko ditu Garmendigaineko lanetan

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 10a, 09:03
Azpeitiko Udalaren Garmendigaineko lur sailetan eraikiko dute biribilgune berria. (Irene Elorza)

Biribilgunea erikitzeko idatzitako proiektua ontzat eman dute eta jendaurrean ikusgai izango da hilabetez

Lanek trafikoa arintzea eta bide segurtasuna areagotzea dute helburua

Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.266.522,96 euro inbertituko ditu Garmendigaineko biribilgunea eraikitzeko. GI-631 eta OƱatzerako GI-3181 errepideen arteko gurutzebidean egingo duten biribilgunearekin trafikoa arindu eta bide segurtasuna areagotu nahi du Aldundiak. "GI-131 eta GI-631 errepideen arteko bidegurutzean, bi bideez gain, herriko bi kalek bat egiten dute; egungo egoerak gunea antolatzeko soluzio bat eskatzen du, mugimendu guztiak biribilgune bakar batean egin daitezen", jakinarazi du Aldundiak.

Azpiegitura berri hori eraikitzeko proiektua dagoeneko idatzita dago, eta informazio fasean sartu da; hau da, jendaurrean izango da hilabetez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren (2010-03-04, 42. zenbakia, 25 orria). Bide Azpiegituretako Sailaren Donostiako bulegoetan eta Azpeitiko udaletxean kontsultatu daiteke proiektua.

Aldundiaren proiektuak biribilgunea egiteko lanak azaltzen ditu eraikuntzaren ikuspuntutik. Biribilguneak bost bideadarrekin antolatzen du bidegurutzea, nahiz eta horietatik bi noranzko bakarrekoak izango diren. Urolako trenbide zaharraren plataformaren gaineko zatia alde batera utziko da, eta horretarako goiko bi pasabide egin beharko dituzte plataforma horren gainean biribilgunea eraikitzeko.

Hirigintza lanak

Proiektatutako biribilgunearen erdiko diskoak 35 metroko diametroa izango du eta zirkulazioko eraztuna bederatzi metro zabal izango da. Biribilgunera iristen diren GI-631 errepideko bideadarrek bi lerro izango dituzte, "trafikoa bideratzeko ahalmena handitzeko".

Bestalde, udal bideen antolaketa errespetatu asmoz, biribilguneari ohiz kanpoko itxura emango dioten hainbat irleta diseinatu dute. Bidegorriak berregiteko lanak ere aurreikusten ditu proiektuak, bai behe aldean (Urolako trenbidearen plataforma) eta baita goialdean ere (eraztuna eta Udalaren bideak). Hainbat zerbitzu aldatu egin beharko dituhala nola, telefono eta argindar lineak, argiztapena, ur hornidura eta abar. Espaloiak egingo dituzte egungoei jarraipena emateko, eta bizikleten lerroak lotuko dituzte. Bestalde, gaur egun Garmendi Gainean dagoen zubia bota egingo dute.

Udalaren aspaldiko erronka

Foru Aldundiak 2006ko uztailean jarri zuen martxan Garmendigainen biribilgunea egiteko prozesua. Bide azpiegiturei dagokionez, Azpeitiko Udalak duen erronka nagusietako bat da Garmendigaineko biribilgunea, Landetako periferikoarekin (Zabaletxe-Zapatari) batera.

Eraikuntza proiektua idatzita, ontzat eman du Aldundiak: "Egitea komeni denez, eta obrak egiteko lursailak hartu behar direla, eta ingurua nabarmen aldatzen dutela kontuan hartuta, tramitatzen hasteko garaia iri tsi da", berretsi du.