Hazparnen ere egingo dute Iparraldeko egitura propioari buruzko galdeketa igandean

Uztarria.com 2010ko mar. 9a, 16:03

Beñat Intxauspe alkateak kontsulta egitea babestu du

"Euskal lurralde elkargo baten sortzearen alde zira?" izango da galdera

"Euskal lurralde elkargo baten sortzearen alde zira?". Hori galdetuko dute igande honetan Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 122 herritan —biztanleriaren %91k izango du parte hartzeko aukera—, Batera plataformak antolatuta, nahiz eta Frantziako Estatuaren baimenik ez duten. Herri haien artean, Hazparnen (Lapurdi) galdetuko dute. Benat Intxauspe alkateak (UMP alderdia), gainera, kontsulta egitea sostengatu eta bultzatu du. 4.382 lagunek izango dute botoa emateko aukera Hazparnen.

Ipar Euskal Herriak ez dauka egitura politiko-juridiko propiorik. Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak, Biarnorekin batera, Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen dute 1790etik, Akitania eskualdean.

Igandeko galdeketak legez ez du baliorik izango baina, Bateraren arabera, "pisu politikoa edukiko du". Plataformak urteetan egin dio Frantziako Estatuari kontsulta egiteko eskaera eta, jaramonik egiten ez diola ikusita, berak antolatzea erabaki du, herritarrekin duen "konpromisoa" kontuan hartuta. Hain justu, Frantziako eskualde hauteskunde eguna baliatuko dute Iparraldean egitura propioaz galdeketa burutzeko.

Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik. 5.500 lagun bizi dira Lapurdiko herri horretan. Iazko azaroan bi herriek harremana sendotzeko konpromisoa hartu zuten.