Udalak, martxoaren 8ko ekimenetan parte hartzeko deia egin du

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 7a, 11:03

Udalbatzak herriko neska gazteen parte-hartzea sustatzeko konpromisoa hartu du, aho batez

Berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako tokiko politikak sendotzeko konpromisoa ere hartu zuten

Joan den osteguneko udalbatzarrean Emakumeen Eguneko adierazpen instituzionala onartu zuen Azpeitiko Udalbatzak, aho batez. Horrekin batera, martxoaren 8a dela-eta Bilgune Feministak antolatutako ekimenekin bat egin zuten, eta haietan parte-hartzera deitu zituzten herritarrak.

Gazteen parte-hartzeaz

Azpeitiko udal agintariek, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako tokiko politikak sendotzeko konpromisoa hartu zuten, "bereziki neska gazteei eta nerabeei begira", zehaztu zuten.

Herriko neska gazteen eta nerabeen parte-hartze aktiboa sustatzeko konpromisoa hartzea erabaki zuten udal agintariek, "onartzear dagoen Azpeitiko I. Berdintasunaren Planaren 2.4.1. ekintza garatzeko konpromisoa hartuz". 2.4.1. ekintzak honakoa esaten du: "Herriko neska gazteekin lana egin, beraien jabekuntza prozesurako baliabideak eskainiz eta elkartzeko erreferentziazko gune bat sortuz".