Euskara gehiago erabiltzeko, Kutxarekin hitzarmena sinatuko du Udalak

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 6a, 17:03

Bost urterako akordioa da

Apirilaren 29an izango da izenpetze ekitaldia

Euskararen erabilera areagotzeko Azpeitiko Udalak Kutxarekin hitzarmena sinatuko du. Ostegunean erabaki zuen hori Udalbatzak, aho batez. Hitzarmenaren helburua, Udalak Kutxarekin dituen harremanak "ahal den guztietan" euskaraz izatea dela esan du Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak. Urola Kosta eskualdeko udal guztiekin sinatuko du hitzarmena Kutxak, eta izenpetze-ekitaldia Azpeitian egingo dute, apirilaren 29an, atzo (ostirala) www.erabili.com webgunean azaldu zutenez.

Bost urterako hitzarmena da, eta beste bost urtez luzatzeko aukera egongo da. Baina bi aldeak ados egonez gero, hitzarmena berritzeko aukera egongo litzateke. Eta, bost urteko epea baino lehen akordioaren edukia beteta dagoela ikusten badute, bi aldeek beste hitzarmen bat egiteko aukera ere aurreikusi dute.

Akordioan hitzartutakoak jarraipena izan dezan, Jarraipen Batzordea osatuko dute, eta hori arduratuko da neurketak bideratzeaz. Batzorde hori gutxienez urtean behin bilduko da.

Oinarrizko hitzarmena

Azpeitiko Udalak herenegun onartutakoa oinarrizko hitzarmena da, "gutxienekoak ezartzen dituen akordioa", www.erabili.com-ek zehazten duenez.

Udalbatzarrean alkateak azaldu bezala, Udala Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan udaletxeko langileen eta herritarren artean euskararen erabilera areagotzeko ahaleginetan ari da. "Kutxak, berriz, bezeroei harreman-hizkuntza aukeratzeko parada eman nahi die, euskararen erabilera sustatzeko, indartzeko eta sendotzeko asmoarekin", azaldu du Eizmendik.

Bi erakundeek hitzartu duten akordioaren arabera, elkarren arteko harremanak, idatzizkoak zein ahozkoak, euskaraz izango dira, "ahal den guztietan". Horrez gain, Kutxak bere bulegoetan bezeroekin dituen harremanetan euskararen presentzia areagotzeko "ahalegin berezia egiteko konpromisoa" hartuko du.