Aurtengo udal aurrekontuak hil honen bukaerarako onartzen saiatuko direla adierazi du alkateak

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 6a, 17:03

Joan den urtean ekainean onartu zituzten

Osteguneko udalbatzarrean, oraingoz 2009ko udal aurrekontuak luzatzea erabaki zuten

Oraindik aurtengo udal aurrekontuak onartu gabe dituztelako, iazko aurrekontuak luzatzea erabaki zuten ostegunean, ohiko udalbatzarrean. Gai hori lantzen ari zirela, hil honen bukaerarako aurtengo aurrekontuak onartzen saiatuko direla adierazi zuen Julian Eizmendi (EAJ) alkateak. "Batzordeetan hizketan ari gara, eta saiatuko gara hilabete honetan udal aurrekontuak onartzen", esan zuen.

Alkateak udalbatzarrean azaldu zuenez, aurreko urteko aurrekontuak luzatuta, ohiko kontzeptuak dira luzatzen direnak, "inbertsio berezietakoak-eta ez dira kontutan hartzen".

Iazko udal aurrekontua urte erdian onartu zuten; hau da, ekainaren 4ko udalbatzarrean adostu zuen Udalbatzak, hautetsi independentisten, EAkoen eta Aralarrekoen aldeko bederatzi botorekin. Iazko udal aurrekontu orokorra 22.010.921 eurokoa izan zen; 2008koarekin alderatuta, %18,76 txikiagoa.

Ibilgailuen zergan aldaketak

Aurrekontua luzatzeko erabakiaz gain, ibilgailuen gaineko zergaren ordainketak zehazteko funtsezko osagaiak arautzeko zerga agintaraua moldatzeari hasierako onarpena ere eman zioten udalbatzarrean, aho batez.

Ibilgailuen zergaren gainean bi aldaketa egin dituztela azaldu zuten udal agintariek. Batetik, ibilgailuen zergaren gaineko tarifen oinarrizko taula aldatu dute, 4/2009 Foru Arauaren bidez. Hori dela eta, Azpeitiko Udalaren tarifak mantentzeko hainbestekariak zehaztu dituzte. "Derrigorrezkoa izan da hori egitea, iaz 2010erako onartutako tarifak mantentzeko", azaldu zuen alkateak.

Bestetik, ibilgailuen zerga ordaintzerakoan salbuespenak izateko bete beharrekoetan ere aldaketak egin dituzte. "Ibilgailuen zergan salbuespenak izateko, ibilgailuak hamalau zaldi fiskal baino gutxiago izan behar ditu, eta ibilgailuen jabeek mugikortasun arazoak izan behar dituzte", adierazi zuen Eizmendik.