Sahararren eguneroko maratoia

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 5a, 10:03
Atzean, Jon Garate, Aitziber Aizpuru eta Ander Garate. Aurrean, Eritz eta Gorka Garate, Saharan. (Aitziber Aizpuru)

Saharako Maratoia kirol ekimenean hartu dute parte Azpeitiko familia bateko bost kideek

Denak "oso gustura" itzuli dira etxera, izandako esperientziak merezi izan duelakoan

Otsailaren 19an hartu zuten Sahararako hegazkina bost azpeitiarrek eta 26an itzuli ziren etxera, "esperientzia ederra bizita". Jon Garate eta bere seme Gorkak; Jonen anaia Ander Garatek, bere emazte Aitziber Aizpuruk, eta bikotearen seme Eritzek beste 80 euskaldunekin batera egin zuten Sahararako bidaia; tartean zumaiar eta zarauztar batzuk ere baziren. Saharako Maratoia aitzakiatzat hartuta joan ziren, baina bidaia hori baino gehiago izan da haientzat: "merezi izan duen esperientzia izan da", diote.

Saharako maratoiaren baitan, maratoia, erdi maratoia, eta hamar eta bost kilometroko lasterketak antolatzen dituzte. Familiako kide guztiek hartu zuten proba batean edo bestean. Hala, Jon Garatek 42 kilometroko lasterketa egin zuen; Aitziber Aizpuruk erdi maratoia eta Gorkak bost kilometroko lasterketa egin zuen. Ander Garatek maratoia egiteko asmoa zuen, baina lesio baten ondorioz ez zuen egiterik izan. Orduan, Aizpururi maratoi erdia egiten laguntzera joan zitzaizkion senarra eta semea, bizikleta gainean. "Niri maratoi erdia egiteak beldurra ematen zidan;han basamortuan galdu egingo nintzen beldur nintzen", dio Aizpuruk. "Orduan, Anderrek eta Eritzek bizikletarekin lagunduko zidatela esan zidaten, eta, bide batez, beste modu batera hartu zuten parte", kontatu du.

Saharara joatearen ideia Jon Garateri otu zitzaion. Iaz, Saharara maratoia egitera joatekoa zen, beste azpeitiar batzuekin batera, baina lesionatu egin zen eta ez zuen joaterik izan. Beraz, aurten joatea erabaki zuen, eta ondoren familiako gainontzeko kideak animatu ziren.

"Benetako" maratoia

"Hasierako asmoa lasterka egitera joatea zen, baina behin han lasterka egitea bigarren mailako kontua izatera igarotzen da. Azken batean, sahararrei elkartasuna adierazteko era bat da. Hangoek bizi duten injustiziaz jabetzen zara. Horren aurrean, babesa adierazteko modua da, eta haiek asko eskertzen dute hori; izugarria da", dio Aizpuruk. Koinatua ere iritzi berekoa du: "Nik buruan dudan egitasmoaren baitan, Saharako maratoia egitea garrantzitsua izan da. Baina Saharan pasatu dugun astebeteko oporraldi horren baitan, bigarren mailako kontua izan da". Sahararrek bizi duten egoeraz, zera dio: "Benetako maratoia haiek bizi dutena da". Azken batean, Saharako Maratoia bertako bizilagunei "elkartasuna eta babesa adierazteko kirol ekimena" dela dio.

Saharako maratoia otsailaren 22an izan zen. El Aaiunen hasi eta Smara kanpalekura arteko ibilbidea egin zuten partaideek. "Guztientzat ibilbide bera da, eta norberak aukeratzen du, dauden aukeren artean, zenbat kilometro egin". Izan ere, 42 kilometroko lasterketa, 21ekoa, hamarrekoa eta bostekoa egiteko aukerak daude. Jon Garatek maratoia egin zuen, "giro ederrean, baina bero handiarekin eta hondar askorekin". Buru lan handia eskatzen duen proba dela dio: "Bidean hondar asko zegoen, eta buru lan handia egiten da; une batzuetan ez aurrean eta atzean inor ez da ikusten, eta aurrera egin beharra dago. Guk iaz irten zutenekin hitz egin genuen, eta haiek esan baino hondar gehiago aurkitu dugu ibilbidean".

Aizpuruk, senarrak eta semeak batera irten zuten maratoi erdian: Aitziber lasterka eta beste biak bizikletan. Baina bidean aurkitu zuten hondar mordoagatik bizikletekin hogeigarren kilometroan harrapatu zuten Aizpuru. "Nik jakin izan banu bidean hainbeste hondar egongo zela, Zumaiako hondartzara joango nintzen entrenatzera", dio barrez azpeitiarrak.

Bidaiaren bi aldeak

Jon Garateren arabera, egoerak bi alde ditu: "Batetik, esperientzia ederra izan da. Baina bestetik, haiek ezer gabe bizi direla ikustea gogorra izan da". Sahararrek kanpotik joandako jendea nola hartzen duten harrigarria egin zaie azpeitiarrei: "Izugarri eskertzen dute jendea eurengana joatea. Poz handiarekin hartzen dute jendea, bestela egun guztian ez dute-eta egitekorik".

Aurreneko egunak Smarako errefuxiatuen kanpalekuan pasa zituzten. Azken hiru egunak, berriz, Dhaklan. Oso gustura egon dira bi lekuetan. Jon Garatek berriz ere Saharara itzuliko dela uste du. Eta haurrekin joan izana ona eta interesgarria izan dela dio: "Nik berriz joan beharko banu umea eramango nuke, beste bizitasun bat baitute umeek, naturaltasuna... Oso-oso ondo ibili gara umeekin". Haurrekin joateko arazo handiena bidaia dela dio, "joaneko bidaia hogei ordukoa izan zen, eta itzulerakoa hogeitabatekoa". Baina, gainontzean euren semeek asko ikasi dutelakoan daude. "Nik, semeari beti erakutsi nahi izan diot ura aurreztea zein garrantzitsua den, baina ez zuen ikasten. Saharako egonaldian benetan jabetu da, ordea, ura zein garrantzitsua den", kontatzen du Jonek.

Hamar urterekin Saharan

Gorkak eta Eritzek hamar urte dituzte, eta Saharan "esperientzia oso polita" bizi izan dutela kontatzen dute. "Haiek oso gauza gutxi dituzte, eta dena guri emateko prest ziren. Oso polita izan da", diote biek. Tronpeta bat eraman zutela eta han utzi zutela gogoratzen dute: "Guk eramandako arropa batzuk haiei eman genizkien, eta baita tronpeta bat ere, jo eta jo jarduten zuten gelditu gabe".

Bidaiak merezi izan duela diote. Gorkak bost kilometro lasterka egin zituen , eta "nahiko gogorra" izan zela dio: "Hondar asko zegoen, eta hondarra ez zegoen tokian harria. Ez trabatzeko kontuz ibili behar zen". Eritzek, berriz, aitarekin batera, bizikletan, amari maratoi erdia egiten lagundu zion. "Beno, azkenean ez genion amari lagundu, bizikleta hondarretan trabatu zitzaigun, eta oinez ere joan behar izan genuen. Gogorra izan zen".

Saharako haurrekin jolasean eta futbolean ere ibili dira. "Hanka hutsik egiten dute futbolean, eta gu ere halaxe. Aurrena min pixka bat hartzen da, baina gero ohitu egiten da". Kexarik ez dute ekarri: "Jana ona zuten lentejak, makarroiak... eta koltxoi onak lo egiteko".