Mikel Labaka: "Hartu genuen tokian utzi nahi dugu Reala"

Berria 2010ko mar. 4a, 11:03
Mikel Labaka Realeko jokalaria Azpeitian. (Urola Kostako Hitza)

Taldean urte batzuk daramatzaten jokalariek mailaz igotzeko "irrika berezia" duela aitortu dio Berriari

Baikor da, eta helburu hori lortzeko gauzak "ondo bideratuta" dituztela dio

Bi gauza behar ditu futbolariak eguneroko lanean pozik egoteko: taldea ondo joatea, helburuak betez, eta jokatzeko aukerak izatea. Eta pozik dago Mikel Labaka (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980), Realak ia sasoi osoa igoera postuetan eman duelako batik bat, baina baita asko jokatzen ari delako ere. Amorrazioz ospatu zuen Huescan sartutako gola: "Halaxe atera zitzaidan. Astea nahiko berezia izan zen niretzat, azken unera arte ez nuen jakin jokatzeko moduan egongo nintzen, eta partidan bertan ere hankari begiratuz ibili nintzen. Bestalde, partida galtzen joan ondoren, denoi irteten zaigu barruko haserre hori".

Realak ez zuen ondo jokatu Huescan, baina ez zen esku-hutsik itzuli.

Beti bezala, gure asmoa, hasieran, irabaztea zen, baina partida nola joan zen ikusita eta beste emaitzak ikusita puntua nahiko ona da. Faseak izan ziren, baina ez dut uste irabazteko aukera askorik sortu genuenik. Eta haiek ere ez. Lehen Mailara igo nahi badugu, puntuak hirunaka pilatzen segitu beharra dago, baina garrantzitsua da ere gutxienez irabazi ezin diren partidak ez galtzea.

Azken orduan osatzen espezialista bilakatu zara.

Ez dut uste. Guztiok egon nahi izaten dugu, ahal baldin bada, jokatzeko prest, horretarako bete-betean egon edo oso-osorik ez egon. Denboraldi batean partida gutxi izaten dira guztiz ondo zaudena, zoritxarrez. Baina, ahal izanez gero, denak saiatzen gara jokatzen.

Zenbateko arriskua hartu zenuen Huescan jokatzeko?

Zaila da neurtzea, baina jokatzeko erabakia hartu banuen, izan zen benetan uste nuelako partida osoa jasateko moduan egongo nintzela, eta nahiz eta arrisku hori hartu, ez nintzela puskatuko. Sekulan ez dut jokatuko astakeria dela esaten badidate. Baina, batzuetan, proben emaitzetatik harago, sentsazioak ere garrantzitsuak dira, eta hor jokalariak esan behar du prest dagoen.

Gerra asko ematen diezu medikuei?

Ez, alderantziz. Haiek dakite inork baino gehiago, eta haien iritziari errespetu handia diot. Oso eskertuta nago medikuei, fisioterapeutei eta prestatzaileei, asko zaindu nautelako, baita haien lan orduetatik kanpo ere.

Igandean jokatuko duzu?

Baietz uste dut. Oraingoz geldi nago, atsedena behar duelako aduktoreak. Neure kasa ari naiz entrenatzen, baina apurka taldearekin hastea da asmoa. Huescan baino min gutxiago izatea espero dut.

Jokatzeko partida erakargarri horietakoa da, ezta?

Egia da partida berezia dela. Numantzia eta biak igotzeko lehian gaude, eta Anoetan giro ederra izango dela uste dut.

Partida on bat behar duzue azken bolada txarrak piztutako zalantzak uxatzeko?

Tira, oso ondo dakigu irabaztea kosta egiten zaigula, eta ez bakarrik azken bolada honetan, baizik eta denboraldi hasieratik. Azken emaitzak ez dira hain onak izan, baina ez dut uste gure jokoan aldaketa handirik izan denik.

Lesioek izan dezakete zerikusirik azken emaitzekin?

Lesioek eragina izaten dute, baina denengan. Jokalari asko gara taldean, eta orain arte aukerarik izan ez duen jendea, Esnaola bezala, argi erakusten ari da ondo erantzuteko gai dela. Talde honetan dagoen baliorik handienetako bat hori da: lehiakortasuna. Urte osoan jokatu gabe egon ondoren, partida zail batean jokatzea egokitu, eta eman zuena emateak asko esaten du taldearen alde.

Prietoren itzulerak konfiantza eman dizue?

Jokalari berezia da, Realari asko eman liezaiokeena. Sasoi borobila ari da egiten, eta egia da taldeari beste joko molde bat ematen diola. Orkatila ondo duela ematen du, eta ea sasoi bukaerara arte gurekin egoteko modua duen.

Azken sei partidetatik bakarra irabazi duzue, baina gustura hartuko zenuten oraingo egoera aurreko bi sasoietan, ezta?

Gauzak ondo bideratu ditugu helburua lortzeko. Ondo egon gara sasoi osoan, eta, ondorioz, giro baikorra sortu da taldearen inguruan. Horrek ere laguntzen du lanean segitzen, jakinda oraindik ez dela ezer lortu eta segitzen ez badugu gauzak bi egunetan oker litezkeela. Garai hauetaraino dena ondo bideratuta ekartzeko gai izan bagara, merezi du ahalegina egitea ondo bukatzeko. Hori da garrantzitsuena.

Zer egin du Realak ondoena?

Asmatu izan dugu partidetan 90 minutuetan kontzentratuta egoten, salbuespenak salbuespen. Zailtasunak izan arren, galdu ere ez dugu erraz galdu.

Realak ez omen du dagoen bezala egoteko moduko jokorik egin.

Egia da irabazi ditugun partidetan gure aldeko aldea ez dela oso handia izan. Oso gutxitan gertatu da aurkaria baino askoz gehiago izatea. Hori horrela da, eta esateko konplexurik ez dugu. Umiltasuna eduki behar dugu aitortzeko jokoari erreparatuta ez gaudela inor baino askoz ere gorago. Baina meritua ere bada irabaztea, nahiz eta askoz gehiago ez erakutsi. Hori da denon lehen xedea.

Zer datorkizu burura igoeran pentsatzean?

Pentsatzeak bakarrik zerbait mugitzen du norberarengan. Jaitsiera eta aurreko bi denboraldiak ikusi genituenok zama handia kendu eta poz handia hartuko genuke, Reala hartu genuen tokian utzita gutxienez. Hori da hemen urteak daramatzagunon helburua. Luzaroan, jarritako helburuak lortu ez izanaren ezintasun puntu hori izan dugu. Bestalde, kirol arlotik kanpo ere mugimendu guztiak nahiko gatazkatsuak izan dira. Hainbeste sufritu ondoren, zaleek taldearen inguruan zerbait ospatzeko aukera edukitzeak balio handia izango luke.

Iosu Esnaolak goraipatu egin du Aranburuk eta zuk aldagelari ekartzen diozuena. Beteranoen erantzukizuna hartuz joan zarete urteekin?

Eskertzen diot, baina 25 laguneko talde batean pertsona batek edo bik ezin dute dena nola joango den baldintzatu. Giro ona badago, kide guztioi eskerrak da. Eta, seguru asko, guri esker baino gehiago, Esnaolari eta antzekoei eskerrak. Norbera jokatzen ari denean eta gustura dagoenean errazagoa izaten da umorez eta laguntzeko gogoz egotea. Gutxiago jokatzen denean, aldiz, egunero Zubietara umoretsu etorri eta ondo entrenatzen direnek erakusten dute, benetan, hau talde lana dela, eta kanpotik ere asko lagun daitekeela.