Ostiral honetan jokatuko dute Erniarraitz Sariketako azken kanporaketa

Uztarria.eus 2010ko mar. 4a, 11:03

Errezilgo Borondegi aretoan izango da bertso saioa, 22:00etatik aurrera

Sei bertsolari ariko dira kantuan, horien artean, Nekane Zinkunegi errezildarra

Azken albistea (martxoak 4, 11:30): Aritz Garin zizurkildarraren ordez, Oihana Iguaran amasarrak abestuko du

Duela bi aste hasi zen V. Erniarraitz Sariketa Azpeitian eta Alaia Martinek eskuratu zuen finalerako txartela. Pasa den astean Azkoitian egin zuten bigarren saioa eta Maialen Velardek irabazi zuen kanporaketa. Bihar, ostirala, Errezilen jokatuko da hirugarren eta azken kanporaketa.

Bihar, martxoak 5, Errezilgo Borondegi aretoan jokatuko dute kanporaketa, 22:00etan hasita. Sei bertsolari ariko dira bertan: Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, Aritz Garin, Silvia Etxaniz, Julen Agirre eta Nekane Zinkunegi errezildarra. Gai-jartzaile lanak, berriz, Haritz Etxeberria Ministrok egingo ditu.

Momentuz, bi bertsolari sailkatu dira zuzenean, jokatu diren bi saioetan; Alaia Martin eta Maialen Velarde. Bihar Errezilen irabazten duena izango da hirugarren sailkatua. Hiru hauez gain, puntu gehien lortzen dituzten beste hiru bertsolari ere izango dira finalean. Beraz, martxoaren 12an Azpeitiko gaztetxean jokatuko den finalean sei bertsolari izango dira oholtzan.