Manifestazioa deitu dute, 'Pasaiako sarraskia argitu' lelo hartuta

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 4a, 10:03

Martxoaren 27rako deitu dute mobilizazioa

"Sumarioa geldirik eta artxibatzeko arrisku larrian" dagoela salatu dute Pasaian hil zituztenen gertukoek

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomo Anti-Kapitalistetako lau kide hil zituen segada batean, ustez Espainiako Poliziak: Rafael Delas, Txapas eta Jose Maria Izura, Pelu iruindarrak eta Dionisio Aizpuru, Kurro eta Pedro Mari Isart, Pelitxo azpeitiarrak. Han gertatu zena argitzeko eskatuz, martxoaren 27rako manifestazioa deitu dute, 12:30ean Azpeitiko plazatik irtenda. Mobilizazioa Pasaian hildakoen senideek eta lagunek deitu dute, Pasaiako sarraskia argitu lelo hartuta.

Pasaiako segada gertatu zenean, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Karlos Garaikoetxea zen eta honek Barne Sailari gertatutakoa ikertzeko agindu zion. Baina, urte horretako uztailean, ikerketa guztiak bertan behera utzi zituzten, "inongo argibiderik eman gabe", esan dute hildakoen senide eta lagunek.

Baina, 2000. urtean Pasaiako segadari buruzko sumarioa berriro irekitzea lortu zuten. 2001 eko urtarrilean Azpeitiko Udalbatzak, alderdi politiko denen adostasunarekin, Udala akusazio partikular bezala aurkeztea eta kasua argitzeko abokatu bat jartzea erabaki zuen.

"Artxibatzeko arriskuan"

Pasaian gertatutakoari buruzko sumarioa berriro ireki zenetik, lekuko batzuek epailearen aurrean deklaratu dute, baina duela bi urtetik ez da aurrerapausorik egon. Kontua horrela egonik, "sumarioa geldirik eta artxibatzeko arrisku larrian" dagoela salatu dute Pasaian hil zituztenen senideek eta lagunek. Horregatik, manifestazioa deitu dute Pasaian gertatutakoa "lehenbailehen argitzeko" eskatzeko.