Haizeteengatik bertan behera gelditu da Ikasberri Krosa

Uztarria.eus 2010ko ots. 26a, 15:02

Herrizaingo sailak alerta gorria ezarri du haizete gogorrengatik

Eguraldi txarrarengatik Ikasberri Krosa atzeratzen duten bigarren aldia da

Haizeteengatik bertan behera gelditu da asteburuan egitekoak ziren Ikasberri krosa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak alerta gorria ezarri du haizete gogorrengatik eta hainbat gomendio luzatu ditu horren harira.

Eguraldi txarrarengatik, Ikasberri krosa atzeratzen duten bigarren aldia da; aurrekoan elurtearengatik atzeratu behar izan zuten. Antolatzaileek "etsita" daudela adierazi dute, eta ez dute zehaztu noiz egingo duten lasterketa.

Bestalde, iragarpenen aurrean ohiko gomendioak eman dizkie herritarrei Eusko Jaurlaritzak: ateak, leihoak eta eguzki ohialak ixtea; kalera eror daitezkeen gauza guztiak kentzea; eta eraikuntzako aldamioak-eta kentzea. Haizeteak kalean harrapatuz gero, berriz, zuhaitzen eta gisakoen paretik kentzeko eskatu die herritarrei. Errepidean ere erne ibiltzeko deia egin du Herrizaingo Sailak, eta itsasora ez irteteko eskatu du.