Ametsa, urte eta erdira

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko ots. 26a, 11:02
Hegazkina hartu baino ordu batzuk lehenago elkartu ziren atzo Zumaian Erkiaga eta Gorostola. (Onintza Lete Arrieta)

.2008ko maiatzetik frontoia bukatu zain egon da Aitor Gorostola Filipinetara joateko

Urtebetetez zesta-puntan jokatzeko kontratuarekin joan dira lau pilotariak

Zumaiako Pilota Eskolak fruituak ematen jarraitzen du, oraindik entrenatzeko behar bezalako frontoirik ez izan arren. Zesta-puntako kirolariek etxean ezin, eta Donostian edo beste herri batzuetan entrenatzen dute, baina gaurtik aurrera beste bat izango da Aitor Gorostola azpeitiarraren etxea. Izan ere, bart goizaldean Filipinetara abiatuak dira, Gorostola eta beste hiru kide, bertan urtebetez zesta-puntan jokatzeko kontratuarekin. Master Jai enpresak egin die eskaintza eta, hasierako asmoak ondo ateratzen badira, kontratuta luzatzeko aukera izango dute.

2008ko maiatzaren 1ean joan behar zuten berez Filipinetara, baina hainbat arazo suertatu da tartean, eta urte eta erdiko atzerapenarekin atera dira. "Abenturara" doazela adierazi du, berriz, Aitor Gorostolak, "informazio gehiegi gabe" baitoaz. Hori bai, jokatzeko irrikaz.

Frontoia amaitu zain

2008ko maiatzaren 1etik hamaika bider entzuna zuten Filipinetara laster joango zirela baina, beti beste hilabete batzuk atzeratu izan dutenez irteera, oraingoan "ezustean" harrapatu dituzte, Gorostolaren esanetan.

Aurrelaria izan ala ez, aldea

Santa Ana hirian biziko dira lauak, herrialdeko iparraldean. Bertan eraiki dute Eusko Basque Jai Alai pilotalekua eta euren etxebizitzak ere, gertu egin dituzte. Kiniela deituriko modalitatean jokatuko dute han. Hau da, pilotariak ilaran jarriko dira, eta banaka lehiatuko dute elkarren aurka, tantu bakarrera. Garaileak ilarako hurrengoaren aurka jokatuko du, eta horrela txandakatzen ariko dira. Bien bitartean, ikusleek apustuak egiteko aukera izango dute.

Euskal Herrian zesta-punta ikuskizunak desberdinak izan arren (tantu bakarrera ez eta normalean binakako norgehiagokak), modalitatea gertu-gertukoa dute jokalariek. Izan ere, entrenamenduetan kirolari asko elkartzen denean "halaxe jokatzen dugu".

Hala ere, aurrelarientzat errazagoa dela deritzo Gorostolak: "Ni aurrelaria naiz eta kiniela modalitatearekin lasai nago. Atzelarien kasuan, sakea entseatzen eta halakoetan aritzen dira; eurentzat gehiago aldatzen da jokatzeko modua".

Etxetik milaka kilometrora joan aurreko orduetan ere, gogoan izan dute pilota eskolaren egoera gogorra, frontoi egokiaren faltan.

Eskuko poltsak hartuta, abenturara

Enpresak jarritako etxeetan biziko dira datozen hilabeteetan Gorostola, Erkiaga, Blazquez eta Hernandez Santa Anan. Argazkietan ikusi dituzte etxeak eta "politak" diruditela dio Gorostolak, baina ez dute informazio asko gehiagorik: "Eskuko poltsak eta motxila bat hartuta goaz hara, abenturara". Leku polita izan arren, ordea, "40 gradu egiten du egunez, eta %80ko hezetasuna dago". Baina, horren aurreran, ez dute neurri berezirik hartzerik aurreikusi: "Ur asko edatea, ez dago beste sekreturik. Elikadurari dagokionez ere betikora joko dugu, baina lekuan lekuko produktuekin". Hogeita bat urte ditu Gorostolak eta hogeita hiru, berriz, jokalari helduenak. Egunerokoan ohituta egon ez arren, sukaldera hurbiltzen aritu dira azken hilabeteetan, Filipinetan eurek sukaldatu beharko dutelako: "Etxean aritu gara entseatzen eta, beraz, ez gara gaizki ibiliko" esanez lasaitu dituzte etxekoak.