Santi Lazkano zenaren omenezko ekitaldiak izango dira asteburu honetan

Uztarria.eus 2010ko ots. 24a, 12:02

Mende laurdena bete zen hilaren 3an, Santi Lazkano hil zela

Errezildarraren omenez, hainbat ekitaldi antolatu ditu Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak astebururako

Santi Lazkano txirrindularia moto istripuan hil zela 25 urte bete dira otsailean. Mende laurdena otsailaren 3an bete baldin bazen ere, asteburu honetarako hainbat ekimen antolatu ditu Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak haren oroimenez.

Otsailaren 27an, larunbatean, hitzaldia eskainiko dute 18:30etatik aurrera, Enparan Dorretxean. Hitzaldian ziklismo munduko hainbat pertsonek hitz egingo dute; Marino Lejarreta, Txomin Perurena, Andres Gandarias, Alfonso Gutierrez, Herminio Diaz Zabala. Moderatzaile moduan Xabier Usabiaga ariko da.

Otsailaren 28an, igandean, 10:00etan irtenda, bizikleta irteera egingo dute Aizarnazabalera. Hara iritsitakoan, 10:45ak aldera, omenalditxoa egingo diote bere monolitoaren aurrean. Ondoren, 11:00etan hasita, argazki erakusketa izango da udaletxe azpian. 12:00etan, berriz, Lagun Onak Txirrindulari Elkartearen kadete eta junior taldeen aurkezpenak. Segidan, hamaiketakoa egingo dute.