Aritz Urrestilla, kartingean bigarren

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 24a, 09:02
Iazko Iparraldeko Karting Txapelketako maila guztietako saridunak Epsilonek Gasteizen duen egoitzan, joan den ostegunean.

Iazko Iparraldeko Karting Txapelketako sariak banatu zituzten joan den ostegunean, Gasteizen

KZ2 mailako bigarren saria eskuratu zuen gidari azpeitiarrak

Joan den ostegunean 2009ko Iparraldeko Karting Txapelketako sariak banatu zituen Euskadiko Automobilismo Federazioak, Gasteizen, Epsilonen egoitzan. Han, Aritz Urrestilla azpeitiarrak KZ2 mailako (lehen maila) bigarren saria eskuratu zuen. Sarituek Epsilonen egoitzako azpiegiturak ikusteko aukera ere izan zuten.

Urrestillak dioenez, iaz jokatu zituzten kartingeko lasterketetan egindako emaitzei esker lortu du bigarrenaren saria. "Iaz, Euskal Herrian eta Kantabrian (Espainia) jokatu genituen hainbat lasterketa eta Olaberrian (Gipuzkoa) bi lasterketa irabazi nituen", dio. Bi garaipen horien ondoren Bilboko kartingeko talde baten laguntza izan duela dio gidari azpeitiarrak. Urrestillarekin batera beste herrikide batzuk ere jardun zuten iaz lehian: besteak beste, Gorka Biainek eta Jon Alberdik.

Euskal Herriko Txapelketa

Kartingeko sari banaketa, era berean, berri on bat jaso zuten Euskadiko Automobilismoko Federazioko presidentea Angel Gurrutxagaren eskutik: aurten Euskal Herriko Karting Txapelketa antolatuko dutela jakinarazi zien. Aritz Urrestillak dioenez, hori "oso berri ona" da, eta "gustura" daude. "Iaz jokatu genuen txapelketa ez zen ofiziala izan, eta aurten txapelketa ofizial bat antolatuko dute. Horrek diru laguntzak-eta eskatzeko balioko digu", esan du gidari azpeitiarrak.

Kartingeko Euskal Herriko Txapelketa martxoa erdialdera hasi eta urria bitartean izate espero dute. "Zortzi lasterketa izango dira, lau Olaberrian, beste bat Zumarragan eta gainontzeko hirurak Nafarroan. Oraindik egutegi ofiziala ez dute atera", dio Urrestillak.