Herio mehatxuak salatu ditu Xabier Etxeberria azpeitiar presoak

Berria.info, Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 23a, 16:02

AAMk dioenez, isolamendu ziegara zeramaten bitartean espetxezain batek tiro ekiteko keinua egin zion

"Gero eta latzago dago kontua, baina horren aurrean ez dago inongo erreakziorik eta gureen egoera gero eta gogorragoa da", dio Juanita Jauregi Xabier Etxeberriaren amak

Xabier Etxeberria Txapi azpeitiar presoak salatu du espetxezain batek herio mehatxuak egin dizkiola. AAMk jakitera eman duenez, isolamendu ziegara zeramatenean egin zioten mehatxua. Eskuarekin tiro egiteko keinua egin, eta "egon zaitez geldi, hil egingo zaitut-eta" esan zioten. Etxeberriak espetxezaina salatuko du auzitegian. "Gero eta latzago dago kontua, baina horren aurrean ez dago inongo erreakziorik eta gureen egoera gero eta gogorragoa da", dio Juanita Jauregi Xabier Etxeberriaren amak. Horrelako egoerak "inpotentziarekin eta amorruarekin" bizi dituztela dio Jauregik.

Otsailaren 3an gertatu zen Xabier Etxeberriaren kontrako ustezko mehatxua. Eneko Aizpuru presoarekin zegoen ziegan Etxeberria, eta espetxezainek adierazi zioten ziegaz aldatuko zutela, eta Aizpururi beste delitu arruntengatiko preso bat jarriko ziotela ziegan. Aizpuruk uko egin, eta isolamendura igorri zuten. Harekin elkartasunez, Etxeberriak esan zien isolamendura eramateko bera ere.

Espetxezainek ezezkoa eman zioten hasieran, baina Etxeberriak berean jarraitzen zuela eta, eraman egin zuten hasieran. Bidean gertatu zen mehatxua, AAMk azaldu duenez. "Orain ni naiz hilko zaituena, putaseme batzuk zarete, zuek ez duzue barrabilik baina nik bai zu hiltzeko...", esan zion espetxezain batek azpeitiar presoari. AAMk espetxezainen aldetik euskal preso politikoak jasan beharreko zigor eta mehatxuak salatu ditu. "Espetxezainen aldetik euskal preso politikoek jasan behar izaten dituzten probokazio, mehatxu eta eraso fisikoak egunerokoak dira espetxeetan. Euskal preso politikoak eskubiderik gabeko pertsonak dira eta espetxe arduradunek egoera hau baliatzen dute beraien aurka egiteko". AAMren arabera presoak urrunduak eta sakabanatuak egoteak era honetako "egoerak eta jazarpenak erraztu baino ez dituzte egiten".

Etxeberria gaur egun Soto del Real espetxean dago preso.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Ocaña I.ean (Espainia) dago preso, 530 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org