Auzo eta kaleetako festak indartzeko biltzen hasi dira auzoetako batzordeak

urola Kostako Hitza 2010ko ots. 23a, 11:02
Batzordeetakoak koloretako kartelekin, larunbatean

Tokian tokiko jai txikiek ere "askok uste baino ekarpen handiagoa" egiten dutela adierazi dute festa batzordeetakoek

Garbi dute ez dutela "azaleko aldaketarik" nahi; "ezta inor zer eta nola egin agintzera etortzerik ere"

Eredu honen aurrean... hamaika koloretako jaiak! lelo hartuta herriko auzoetako eta kaleetako jai batzordeak osatzen dituztenak biltzen hasi dira, eurek antolatzen dituzten hainbat festa indartzeko eta sustatzeko asmoarekin. Martxan jarri duten ekimena aurkezteko agerraldia egin zuten joan den larunbatean herriko plazan.

Ekimen berriarekin bat egin duten kale eta auzoetako festen antolatzaileak honako hauek dira: Enparan kalekoak (Korputz jaiak), Elizkalekoak (korputzak), Matxinbentakoak (santagedak), Landetakoak (saneloyak), Sanjuandegikoak (ekaineko lehen asteburuan), Loiolakoak (sanjoseak), Nuarbekoak (trinidadeak), Aratz-errekakoak (sanisidroak), Bustinzuriko Errebalekoak (sanmartinak) eta Urrestillakoak (sanjoanak).

Ekimena abiatu dutenek garbi dute tokian tokiko egoera desberdina dela, eta baita ahuleziak ere. Baina elkarlanean jardun nahi dute, elkarrekin haiek antolatzen dituzten ekimenak indartzeko. Diotenez, azken urteetan euren kale, auzo eta herri txikietako jaiak indarra galtzen joan dira. Aldiz, herriko beste festa batzuk, saninazioak, sansebastianak eta Inauteriak indarra hartu dute. "Herriko festa hoiek ez bezala, beste hamaika festa urteen poderioz itzaliz joan dira. Guztiz itzali ez badira, tokian tokiko herritarrek festei heltzeko egin duten lan boluntarioagatik izan da", aldarrikatu dute batzordeetakoek.

Herriko hainbat txokotako festak izan duten bilakaeraren erantzukizuna ez diote inori egotzi; baina Udalak izan duen ereduari "erabat lotuta" dagoela esan dute. "Udaletik lehen mailako eta bigarren mailako festak sailkatu dira, kontzienteki edo nahi gabe", adierazi dute.

Egungo "eredu okerra"

Herriko hainbat txokotako festak antolatzen jarduten dutenen arabera, Udalaren eredu hori "okerra" da. "Guk gure kale, auzo edota herri txikietan antolatzen ditugun festek Azpeitiari egiten dioten ekarpena askok uste baino handiagoa da. Ezin da gutxietsi festa txikiek duten aniztasun balioa", gaineratu dute. Eurek antolatzen dituzten jaiek, beste festa batzuek bezalaxe "nortasun eta izaera propioa" dutela azpimarratu dute, "jai txikien ekarpena horretxek egiten du handi".

Herriko auzoetako festa txikiek azken urteetan izan duten bilakaerak "bi oinarri" dituela azaldu dute: "Alde batetik, ez dago inongo interesik herriko hainbat txokotako jaiak indartzeko. Eta bestaldetik, aurrekontu eskasa dute guk antolatzen ditugun jaiek; hau, aurreko puntuaren ondorio da neurri batetan". Festak antolatzeko izaten dituzten aurrekontuen berri emateko adibide bat ere eman dute: "Saninazioetako esku-programa etxe guztietara banatzeko gastatzen duten dirua, dozena bat kale, auzo edo herri txikitako jaietako aurrekontuaren neurrikoa da".

Haiek diotenez, eurek antolatzen dituzten "jai txikiei" duten balioa ez badiete aitortzen, gaur egungo egoera aldatzea "zaila" izango da.

Enparan kaleko, Elizkaleko, Matxinbentako, Landetako, Sanjuandegiko, Loiolako, Nuarbeko, Aratz-errekako, Bustinzuriko Errebaleko eta herri inguruetan antolatzen dituzten beste hainbat eta hainbat festen egoera aldatzeko eskatzen dutena honakoa da: "Egoera oinarritik aldatzea nahi dugu, festen antolatzeko eredua irauliz. Hau da, Udalaren arreta eta hainbat bitarteko eskura izan nahi ditugu, eta horrekin guztiarekin batera, aurrekontuen banaketa orekatua nahi dugu".

Garbi dute ez dutela "azaleko aldaketarik" nahi; "ezta inor zer eta nola egin agintzera etortzerik ere; eta besterik gabe, diru gehiago ere ez dugu nahi".

Nahiz eta euren ikuspuntua azaldu, inork haien alde lan egingo duen zain ez direla egongo esan dute. Zain egon gabe, tokian tokiko festak itzal ez daitezen lanean segituko dutela adierazi dute. "Jai txikien balioa zein den badakigulako, orain arte bezala hamaika koloretako jaiak eraikitzen jarraituko dugu", aldarrikatu dute.