Altzaga baserria Euskal Kultur Ondarearen zerrendan sartu dute

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 19a, 11:02
Altzaga baserria aurretik ikusita. (Nerea Uranga)

Baserria XVI. mendean eraikitakoa da

Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako Sailak hartu du erabakia

Azpeitiko Altzaga baserria Euskal Autonomi Erkidegoko Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartuko dute, "baserriak daukan kultur interesa" aztertu ondoren. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako Sailak.

Era horretan, Azpeitiko beste zazpi monumenturekin batera, EAEko Monumentu, Monumentu-multzo eta Aztarnategien zerrendan batuko dute Altzaga baserria ere. Zerrenda horretan daude Errekarte baserria (XVI. mendekoa), Altuna etxea (XVII. mendekoa), Basozabal jauregia (XVI. mendekoa), Magdalena baseliza (XVII. mendekoa), Antxieta jauregia (XVI. mendekoa), Eliz 1 etxea (XVI. mendekoa), Loiolako santutegia (XVII. mendekoa), Loiola dorrea (XVI. mendekoa), Soreasuko Sebastian Donearen parrokia (XVII. mendekoa) eta Larrañaga baserria (XVII. mendekoa).

Baserrian bizi direnek, Eusko Jaurlaritzatik jasotako eskutitz baten bidez jakin zuten berria, halaxe kontatzen du Joxe Orbegozo baserriko semeak. "Gutun bat jaso genuen horren berri emanez. Baina, ez dakit bada, horrek zer onura ekarriko dituen. Etxean, lanen bat egin nahi izanez gero, agian diru -laguntzak jasotzeko aukera egongo da, baina baldintzak ere ez ote dituzte haiek jarriko", dio.

Altzaga baserria Elosiaga auzoan dago. Juan Joxe Agirrek Azpeitiko Baserriak Argazkitan liburuan dioenez, Azpeitiko udaletxetik 7,7 kilometrora dago eta 385 metroko altueran. Elosiaga auzotik, Urrakiko bidetik, joan daiteke eta baita Urrestillatik ere. Ikusmira ederra dago bertatik: Izarraitz mendikatea, Oñatz, Izazpi, Samiño...

XVI. mendekoa

Altzaga baserriak lehen solairua harrizkoa du, eta solairu horretako forjatutik aurrera egitura egurrezkoa du. Atal nagusiaren barruko egitura egurrezkoa da, pieza bakarreko lau zutoin ditu, eta horiek eraikinaren teilatura heltzen diren harrizko oinarrietan dute euskarria. Eusko Jaurlaritzako agiriak dioenez, "Altzaga oinetxe garrantzitsu eta antzinakoa da, XVI. mendekoa, eta garai hartakoak ditu atal nagusi inguruko murruak, gotiko-estiloko silarrixkazkoak". Baina, XVII. mendean berreraiki egin zuten baserria, eta ordukoa da gaur egungo egitura. Berreraiki aurretik, lehenengo solairutik gorako etxaurrea oholekin egindakoa zuen. Gaur egun etxebizitza bezala erabiltzen dutena, berriz, XVIII. mendean egindakoa da, orduan etxea handitu baitzuten.

Familia bakarreko baserria da Altzaga, eta halaxe ezagutu izan du Joxek. Gaur egun hiru belaunaldi bizi dira bertan. "Ama, emaztea, gure hiru seme-alabak eta seiok bizi gara orain", dio Joxek. Esnetarako behiak dituzte, "40 bat buru ditut orain, esnetarakoak denak. Garai batean beste arraza batekoak genituen, eta orduan gazta egiten genuen behi-esnearekin, baina horrek lan asko ematen du, azokatara-eta mugitu beharra eskatzen zuelako. Nik hamasei urte nituela-edo hasi ginen esnetarako behiekin lanean".