Fernando Lucas: "Proiektu handiek ezinbestean aldeko eta kontrako jarrerak sortzen dituzte"

Urola Kostako Hitza 2010ko ots. 9a, 09:02
Altuna y Uria SAko kudeatzaile Fernando Lucas, bere bulegoan. (Nerea Uranga)

Altuna y Uria enpresak Sabino Arana Fundazioaren saria jaso berri du

Inazio Uriak "Euskadiren etorkizunarekiko zuen konpromisoa" enpresako lan talde osoak duela dio kudeatzaileak

Altuna y Uria SA Azpeitiko enpresak Sabino Arana Fundazioaren saria jaso zuen urtarrilaren 31n, Bilboko Arriaga antzokian. "Euskadiren aurrerapenarekin eta garapen ekonomikoarekin duen konpromisoagatik" eman zieten saria eraikuntzan jarduten duen enpresari. Ekitaldian Fernando Lucasek hartu zuen hitza enpresaren izenean. "Arrakastaren gainetik baloreak saritu izana" eskertu, eta enpresak "Euskadiren etorkizunarekiko duen konpromisoa" aipatu zituen. "ETAk Inazio Uriaren bizitza amaitu zuen. Baina, Inazio ez zen konpromiso hori zuen bakarra, Altuna y Uria enpresako lan talde osoak du". Fernando Lucas (Azpeitia, 1948) Altuna y Uria SAko kudeatzailea da, eta enpresaren ibilbidea ondo ezagutzen du: "36 urte daramatzat Altuna y Uria enpresan lanean; 26 urterekin hasi nintzen bertan".

Sabino Arana Fundazioaren saria jaso duzue. Gustura al zaudete?

Gustura eta poz handiarekin jaso dugu, nola ez. Saria ez da Altuna y Uriarentzat bakarrik izan. Hau da, ez dugu enpresa gisa soilik jaso; Uria familiarentzat eta langile guztientzako saria ere izan da. Pozgarria izan da, benetan. Era berean, oso ongi joan zen sari banaketa ekitaldia bera ere.

Iaz ere jaso zenuten bat: Construmat sarietako Berrikuntza Teknologikoaren saria, Zumaiako Narrondo ibaia gurutzatzen duen pasabidea dela-eta.

Sari guztiak pozgarriak eta ongietorriak izaten dira. Sariak egindako lanaren aitorpena dira. Lana egin, eta beste batzuk etorri eta saritzen badute, guk egiten dugun lan hori gustukoa den seinale da. Lanean segitzeko balio dute, eta aurrera egiteko ilusioa ematen dute.

Sabino Arana Fundazioaren saria jasotzerakoan enpresaren ibilbidea azpimarratu zenuen. Altuna y Uria enpresa 1966an sortu zuen Alejandro Uriak, beste bazkide batekin batera. Gaur egun dagoeneko hirugarren belaunaldia ari da bertan lanean. Ordutik asko aldatuta egongo da enpresaren jarduna, ezta horrela?

Aurretik igeltserotza lanak egiten zituzten, baina 1966. urtean elkarte anonimo gisa sortu zen enpresa, eta gaur egunera arte horrela jarraitu du. Ni hasi nintzenean 40-50 langile inguru zituen enpresak. Orduan, lan txikiagoak egiten genituen batik bat. Eraikuntza lan handiak ere bai, baina desberdina zen oso. Urbanizazioak, pabilioi industrialak, etxebizitzak eta horrelako lanak egiten ziren garai hartan. Orduan, makina oso gutxi zeuzkan enpresak. Pixkanaka-pixkanaka hazten joan da. Teknologikoki ere jauzi handia egin du enpresak.

Enpresak garai onak eta txarrak ere pasatuko zituen tartean, ezta?

Egoera ekonomikoa ez da beti bera izan. Krisialdiak ere izan dira urte hauetan guztietan. Sei edo zortzi urtetik behin egoten dira punta batzuk: bolada batean ondo ibiltzen da enpresa, baina gero beherakada izaten du. Urte hauetan izan dira bolada txar batzuk: 1974. urteko krisia, 1983. urtekoa, 1991.ekoa... eta orain hau. Hau da ezagutu dugun krisialdirik desberdinena, arraroena. Aurreko urteetakoekin alderatuta oso desberdina da: mundu mailakoa da, eta orain arte, beste krisialdietan bankuak-eta ez dira ibili gaur egun bezala.

Aurtengoa nolakoa urtea izango da? Zer aurreikuspen dituzue?

Urtea zaila izango dela uste dut. Gero, agian, enpresak hasiko dira pixka bat hobera egiten; baina eraikuntza aldetik, krisialdi hau nekezago zuzenduko da. Aurrena, Administrazioak enpresatik diru bat jaso behar du; bere aurrekontuan sartu eta lanak aurrera ateratzeko.Orduan hasiko ginateke gu lana sortzen. Eraikuntza arloan azpiegituretan lanean dihardugunok krisia pixka bat beranduago sentitu dugu, eta susperraldia ere beranduago etorriko zaigu. Inertziagatik da. Guk egiten ditugun lanak ez dira egiten bi edo bost hilabetetan, bi eta hiru urtetan egiten ditugu. Azken bi urteetan hiru edo lau lan handi lotu ditugunez, oraindik lana izango dugu. Baina, berriro lan bolumen hori sortzeko urte asko igaro beharko dira, gaur egun Administrazioak oso lan gutxi ateratzen dituelako lehiaketara. Horregatik, beste merkatu batzuk-eta bilatu behar ditugu.

Beste herrialde batzuetara lan egitera joateko asmoa al duzue, orduan?

Gaur egun iparraldean ere ari gara lanean: Hendaian etxebizitza batzuk egiten ari gara. Aljerren (Aljeria) ere izan gara, eta beste merkatu batzuk aztertzen ari gara, ea zer aukera dauden. Hemendik kanpo ere denetik beharko dugu: hango jendea eta hemengoa. Hemen lanik ez baldin badago pentsatu beharko dugu zer egin. Guk lanak hemen hartu nahiko genituzke, baina krisia dela-eta lan gutxi egongo da, eta lehia handia dago. Nahiz eta prezioa oso merke jarri, ez dute lanik ematen. Guk ahalegina egingo dugu lanak-eta hartzeko, ondoena etxean egoten baita. Hori horrela da.

Espainia mailan inoiz ez al duzue lanik egin?

Egin izan dugu zerbait, Madrilen-eta. Baina hemengo enpresa baten eskutik joan izan gara haruntza Garai batean Danonari pabilioi bat egin genion Coruñan (Galizia), Oviedon (Kantabria, Espainia) beste bat, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) bestea; Marcial Ucini lan batzuk egin genizkion Getafen (Madril, Espainia).. Bestela, batik bat, Euskadin egiten dugu lana.

Altuna y Uria enpresaren beste ezaugarri bat baliabide propioak dituela da: harrobia, makineria, tailer mekanikoa... Horrek krisiari aurre egiteko balio al du?

Gure baliabideak izateak lan bat hartzerakoan independentzia ematen du. Baina krisi denboran eskariaren eta eskaintzaren legea dela-eta, makina horiek garestiago ateratzen dira. Alokairuan hartzea merkeago ateratzen da. Makina bat merkatuan askoz merkeagoa da geurea baino. Edukitzea ona da, lan bat egiteko askatasuna ematen dizulako.

Gaur egun enpresak 300 langile baino gehiago ditu. Giza-baliabideei garrantzia handia ematen diozuela nabarmendu ohi duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?

Uria familiako hamazortzi kidek egiten dute lan enpresan, familia enpresa da. Bestetik, urteak bertan daramatzaten langileak ditu enpresak: Altuna y Urian lanean ni baino hiru eta lau urte gehiago daramatzaten aparejadoreak eta injeniariak badaude. Haien bizi profesional osoa enpresa honetan egin duten langileak daudela esan daiteke. Langile aldetik mugimendu handirik ez dugu izaten, orokorrean hemen lanean hasten dena bertan gelditzen da. Ez dakit hori seinale ona den... gustura jarduten dute, behintzat. Familia handi bat bezala da enpresa.

Eraikuntza enpresen artean lehiarik ez al duzue izaten?

Ez, ez. Hemengo eraikuntzako enpresa handien artean hori errespetatu egiten dugu. Kasu bat edo beste gerta zitekeen, baina horrelakoetan Madrilera-edo jo izan dugu.

Euskal Herrian eraikuntza arloan zenbagarren enpresa zarete?

Araban eraikuntzako enpresa handiak oso gutxi daude; Bizkaian lau edo bost enpresa handi egongo dira; Gipuzkoan, berriz, bost edo sei gaude. Ez dakit aurrenenekoetan gauden, baina bost lehenengoetan gaudela esango nuke. Hor aldea dago nondik begiratzen den: fakturazio aldetik, bolumen aldetik, langile aldetik...

Hainbat azpiegitura handitan parte hartu duzue: adibidez, garai batean Leitzarango autobidean eta gaur Abiadura Handiko Trenaren egitasmoan. Lan horiek gizartean kontrako eta aldeko iritziak izan dituzte.

Normala den bezala, proiektu handi horiek beti sortzen dituzte jendearengan aldeko eta kontrako jarrerak, ezinbestean. Azken batean, uste dut arrazoia parte batean behintzat denek izaten dutela. Gehiago edo gutxiago, baina denek izaten dute arrazoi. Aurrerapenari zor zaizkio halakoak.

Hainbat eta hainbat lan eta egitasmo egin ditu Altuna y Uriak. Lan kuttunik bai?

Horretan ez dut inoiz pentsatu. Baten bat esatekotan, Donostiako Kursaala eta Zurriolako pasabidea guk egindakoak dira. Tunel garrantzitsu batzuk ere egin ditugu eta baita zubi batzuk ere. Lan bakoitzak ditu bere ezaugarriak: batzuk diseinuagatik, beste batzuk zailtasunagatik...