Loiolara bideko espaloi bat oinezkoentzako itxita egongo da

Urola Kostako Hitza 2010ko urt. 25a, 09:01
Azpeititik Loiolarako ibilbidea. (Nerea Uranga)

Gaur (astelehena) Olazko bidegurutzeko biribilguneko lanak egiten hasiko dira, eta horregatik itxiko dute espaloia

Epaitegi aurreko lanak ere aste honetan hasiko dituzte

Azpeititik Loiolarako alde bateko espaloia oinezkoentzako itxiko dute, bi hilabetez. Loiola hotela eta etxebizitza berriak eraikitzen ari diren aldeko espaloia da bihartik aurrera itxita egongo dena, hain juxtu.

Udalak azaldu duenez, Olazko bidegurutze aurrean eraikitzekoak diran biribilgune berria egiteko lanak hasiko dituzte bihar. Hori dela eta, pare bat hilabetez Loiola etorbideko espaloi zati hori itxita egongo da oinezkoentzako. Oinezkoentzako semaforoa jarri arte egongo da itxita.

Bihartik aurrera, beraz, Loiolara oinez joateko bi aukera izango dituzte oinezkoek: batetik, Sanjuandegitik, bide zaharretik edota Ingurugiroko Museoa dagoen bidetik eta bestetik, Loiola etorbidean Esklabaten aldeko espaloitik ibiltzea.

Hala ere, Loiola hotelera joan nahi duten oinezkoentzako eta autoentzako pasabidea utziko dutela esan dute udaletxeko arduradunek.

Oinezkoentzako itxiko duten espaloia bi hilabete barru irekiko dutela uste dute udalekoek. Espaloi horretan jende ugari ibiltzen da egunero, bai pasieran, baita lasterkan ere.

Epaitegi aurrean ere lanak

Loiolako etorbideko biribilguneko lanez gainera, aste honetan bertan hasiko dituzten beste hirigintza lan batzuen berri ere eman du Udalak. Euskal Herria kalean, epaitegiaren aurrean, autoak aparkatzeko toki berriak egiteko lanekin hasiko dira.

Lan horiek eginda, Urbitarte auzo aldera eta epaitegi aldera gelditzen diren hamazazpi aparkaleku kendu egingo dituzte, eta Eroski aurretik Errotaundi okindegira bitartean hamazortzi auto aparkatzeko tokiak sortuko dituzte.