Dena prest IX. San Silbestre lasterketarako

Uztarria.eus 2009ko abe. 30a, 14:12
Iazko San Silbestre lasterketaren hasiera.

Amaitu da aurrez izena emateko epea, baina bihar ere aukera izango da

Dagoeneko 630 lagunek eman dute izena

Bihar, abenduak 31, Xeye Atletismo Taldeak eta Urola Kostako Hitza-k antolatuta San Silbestre lasterketa egingo da.

Goizeko 10:30ean hasiko dira lasterketak. Lehenengo benjaminen txanda izango da. Gero, alebin eta infantilena eta lasterketa nagusiarekin bukatuko da 2009ko San Silbestre.

Aurrez izena emateko epea bukatu den arren, bihar lasterketa aurretik izena emateko aukera izango da 15 euroren truke (lasterketa baino 45 minutu lehenagora arte). Momentuz, 630 lagunek eman dute izena biharko lasterketarako.

Ludoteka eta beste zerbitzuak

Azpeitiko Udaleko Kirol eta Berdintasun Sailek bultzatuta, ludoteka zerbitzua eskainiko dute San Silbestre lasterketan parte hartuko duten kirolarien seme-alabentzat.

Lau eta zazpi urte bitarteko haurrentzat zabalik izango da zerbitzua 11:15etik 13:15era, plaza ondoan dagoen Iturritxiki Ludotekan. Izena eman edo informazioa eskuratu nahi duenak, 943 150095 eta 943 157928 telefonoetara deitu dezake aldez aurretik, edota bihar bertan ludotekan.

Bestalde, iaz abian jarritako kontsigna, aldagela eta dutxa zerbitzuak berriro eskuragarri izango dira aurten. Izarraitz Pilotalekuko aldagelak eta dutxak erabiltzeko moduan izango dira, Baigera Jubilatuen Elkarteko boluntarioen lanari esker.