'Txapel'-en omenezko bertso saioa izango da gaur (ostirala) Izarraitzen

Urola Kostako Hitza 2009ko abe. 18a, 10:12

Erniarraitzek antolatutako saioan, Txapelketa Nagusiaren finaleko lau bertsolari ariko dira bertsotan

22:30ean hasiko da saioa eta ordubete lehenago irekiko dituzte leihatilak sarrerak erosteko

Urtero bezala, aurten ere Eusebio Eizmendi, Txapel bertsolariaren omenezko bertso jaialdia antolatu du Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. Bertso saioa gaur da Izarraitz pilotalekuan, eta 22:30ean hasiko da. Baina, Erniarraitzekoek jakinarazi dutenez, saioa hasi baino ordubete lehenago zabalduko dituzte pilotalekuko leihatilak. Bertso saiorako sarrera bost euro kostako da.

Eizmendiren omenezko bertso jaialdian ariko diren sei bertsolarietatik lau, joan den igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu zirenak izango dira. Honakoak, hain zuzen ere: Jon Maia, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus. Beraz, Arzallus txapeldunordea ere bertan izango da. Horiez gainera, gaur Izarraitzeko agertokian jardungo duten beste bi bertsolariak Uxue Alberdi eta Eneritz Arzallus dira. Gai-jartzaile lanak egingo dituena, berriz, Jokin Uranga izango da.