Etxebeltzeko sustatzaileek diotenez, euren proposamen berriarekin ez dira BOEn prezioak igoko

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 30a, 10:11

Eraikitzaileek idatzian diotenez, Udalekoek haien proposamenaz interesik ez dute azaldu

Etxejabeek proposamen hori ez dute ezagutzen, eta "harrigarria" egiten zaie prezioak ez igotzea

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) sustatzaileek Azpeitiko Udalera helarazitako azken adierazpenari erantzun diote eremu horretan BOE egokituta dutenek. Altuna y Uria eta Amenabar eraikitzaile enpresek diotenez, etxebizitzen lanak gelditzea eragin duena hirugarren enpresa batek eremu horretako antolamenduaren inguruan sartutako helegiteen aldeko epaiak izan dira. Baina, BOEko etxejabeek diotenez, lanak gelditzeko erabakia enpresa eraikitzaileek hartu dute. Horretaz gainera, enpresa eraikitzaileek Udalera bidalitako idatzian esan dutenez, haiek Udalari egindako proposamenaren arabera BOEn hasierako prezioa ez litzateke aldatuko. Baina, hori "harrigarria" egiten zaie BOEtako etxejabeei: "Hitzarmen berria eskatu eta prezioak orain dela ia lau urte bezala mantentzea harrigarria da".

Etxeen lanak geldituta

Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen sustatzaileek Udalera bidalitako idatziak dioenez, "hirugarren enpresa batek Azpeitiko antolamendu urbanistikoari hainbat helegite aurkeztu dio, eta bere aldeko hainbat epai lortu du. Epai horiek obrak geldiaraztea sorrarazi dute, Etxebeltz eremuaren garapena kaltetuz". Baina, eremu horretan BOE egokitu zaienak ez datoz bat sustatzaileekin. Hauek esan dutenez, "Etxebeltz-Izarrako eremuko kontrako lehen epaia 2008ko abenduaren 19an jaso zen. Eraikitzaileek epai horien ondorioz lanak geldiarazi behar dituztela ulertu badute, zergatik ez zituzten orduan lanak gelditu, eta ez 2009ko irailean? Epaiak ez du inongo mementoan lanak gelditu behar direnik adierazten, eta baimenek indarrean jarraitzen dute epaiak behin-behinekoak diren bitartean". Horregatik, BOE esleituta dutenen iritziz, lanak gelditzeko erabakia sustatzaileena izan da, "argi eta garbi".

BOE egokitu zaienek diotenez, Etxebeltz-Izarra eremuko arauak baliogabetu dituen epaia oraindik ez da behin betikoa, "helegiteak jarri direlako".

Proposamena "bideragarria"

Enpresa eraikitzaileek idatzian diotenez, lanak gelditzea eragin dien ebazpen judizialaren ondorioz, "eraikitzaileek hainbat kostu jasan behar izan dute", eta horregatik Udalari aldaketa batzuk egitea proposatu diote. Hauxe diote hitzez hitz: "Tentsio finantziero horiek arindu ahal izateko asmoarekin, eraikitzaileek hitzarmenaren inguruan garrantzi gutxiko aldaketa batzuk proposatu dizkio Udalari".

Eraikitzaileek egindako proposamenaren arabera, diru gehiagorik ez omen lukete ordaindu beharko, ez Udalak eta ezta BOE egokitu zaienek ere. Horregatik, eraikitzaileen esanetan, beraiek aurkeztutako proposamena "bideragarria" litzateke interesatu guztientzako.

Baina, etxea egokitu zaienentzako eraikitzaileek prezioetaz diotena "harrigarria" da. Gainera, etxejabeek diotenez, eraikitzaileek proposamenaz hitz egiten dute, baina "proposamenaren inguruko azalpenik ez dute eman".

Etxebeltz-Izarra eremuko enpresa sustatzaileen idatziak dioenez, haien proposamenaren inguruan Udaleko ordezkariek ez dute "inolako interesik" azaldu: "Eta horrek blokeo egoera sortu du, eraikitzaileentzat eta etxebizitzen erosleentzat kalteak eraginez", diote idatzian sustatzaileek. Gainera, BOE egokitu zaienak" indefentsio egoeran" gelditzen direla diote eraikitzaileek. Egoera horretan hasieratik daudela erantzun diote etxejabeek, eta lanak geldituta egoera hori areagotu egin zaiela. Eraikitzaileek hartutako erabaki hori "erasoa" da BOEko etxejabeentzako.

Eraikitzaileek Udalera bidalitako idatzian "zentzuzko akordio bat lortzeko" borondatea azaldu dute, "zehaztutako epeak eta helburuak lortzeko asmoarekin". Baina, BOEko etxejabeen ustez, dagoeneko zehaztutako epeak betetzea ezinezkoa da, eta beraien helburua "etxeak lehenbailehen jasotzea da". Gainera, prest daude 2006ko hitzarmenaren arabera kontratuak sinatu eta dagozkien ordainketak egiteko.