Udalak Bikain ziurtagiria lortu du

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 27a, 09:11

Bikain agiria lortu duen lehen Udala izan da Azpeitikoa

Ziurtagiriak hiru maila ditu eta Azpeitiko Udalak goi mailakoa lortu du

Azpeitiko Udalak Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu berri du. Azpeitikoa ziurtagiri hori lortzen duen aurreneko udala izan da. Ziurtagiri horren helburu nagusia, Euskal Autonomi Erkidegoko esparru-sozioekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan duten garapen maila egiaztatzea eta aitortzea da.

2007an Eusko Jaurlaritzak sortu zuen ziurtagiria eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak kudeatzen du. Ziurtagiriak hiru maila ditu, eta Azpeitiko Udalak goi mailakoa lortu du.

Urrezko edota goi mailako Bikain ziurtagiria lortzeko, Euskalitek egindako neurketan 700 eta mila puntu artean lortu behar dira. 2009an egindako neurketan Azpeitiko Udalari 800-849ko puntuazioa eman diote, eta puntuazio horri esker lortu du goi mailako agiria.

Garapen altua

Urrezko Bikain ziurtagiria lortzeko prozesuan Euskalitek izendatutako talde ebaluatzaileak txosten bat egin du, erakundearen egoeraren berri emateko helburuarekin. Bertan, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa hartzen dituzte kontuan. Horrez gain, aurrera begira erakundeari egiten dizkioten proposamenak ere jaso dituzte.

Txostenean jaso dutenez, "Azpeitiko Udalaren garapena altua da, eta hori ezagun du ardatz guztietan". Horrez gainera, Azpeitiko Udalak "urrats onak" eman dituela esaten dute, "eta bide horretan jarraitzea espero dugu". Ebaluatutako ardatzak honako hauek izan dira: erakundearen irudia eta komunikazioa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntzaren kudeaketa.