Abenduaren 15ean hasiko da 'Egunkaria'-ren aurkako epaiketa, Auzitegi Nazionalean

Mikel Arregi ('Egunkaria'-ko azpeitiar langile ohien eta 'Berria'-koen izenean) 2009ko aza. 25a, 15:11

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga dira auzipetuak, eta 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak dituzte

AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek baino ez dituzte eskatu zigorrak; 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko kazeta

Abenduaren 15ean hasiko da Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko epaiketa. Madrilen izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Egun hartan (asteartea) goizez eta arratsaldez egingo dituzte saioak auzitegian, eta hurrengo egunean jarraituko dute, goizez. Ondoren, urtarrilera arte atzeratuko dute —epaimahaiak ez du egunik zehaztu—. Oraingoz, epaiketan zenbat lekuko egongo diren ez dute publiko egin.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga dira Egunkaria-ren itxierako kasuko auzipetuak, ETAko kide izatea egotzita. 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte haien aurka.

Ia zazpi urtera epaiketa

Egunkaria itxi eta ia zazpi urtera hasiko da, beraz, epaiketa. Hain justu, 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko kazeta, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Hamar lagun atxilotu zituzten orduan: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Oleaga, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila.


2006ko abenduaren 15ean Egunkaria ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela aitortu, eta auzia ixteko eskatu zuen Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak.
 AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek, aldiz, epaiketa egiteko eskatu zuten.



2009ko uztailaren 30ean Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salako epaimahaia Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu zen, eta epaiketa egin egingo dela zioen, hortaz.

Azpeitiko ekimenak

Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiok eta Berria-kook kanpaina abiatu dugu herrian, eta hemen aurki daiteke informazioa: www.uztarria.com/egunkaria-epaiketa