Landa eremua eta bertako produktuak sustatzeko Ereiten kanpaina abiatu dute

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 23a, 10:11
Amaia Argarate Azkoitiko Udaleko ingurumen teknikaria, Orkatz Goenaga Ingurugiro Etxea Fundazioko zuzendaria, BeƱat Irasuegi Gipuzkoako Slow Food elkarteko kidea, Julian Eizmendi Ingurugiro Etxea Fundazioko lehendakaria eta Iurre

Azkoitian eta Azpeitian egingo dituzte ekimenak biltzen dituen jarduerak datorren udazkena bitartean

Ekimen honen baitan, ikastetxeekin ere lan egingo dute, eskolako Agenda 21en baitan

Azkoitian eta Azpeitian Ereiten ekimena jarri dute martxan bertako produktuak eta landa eremuko jarduera gizarteratzeko eta bide batez sentsibilizazio kanpaina egiteko. Ekimenaren sustatzaileak, Ingurugiro Etxea eta Urkome dira eta lagunduko dutenak, Eusko Jaurlaritza, Azpeitiko eta Azkoitiko udalak, Gipuzkoako Slow Food elkartea eta Kimu Bat. Ingurugiro Etxea Fundazioko lehendakari Julian Eizmendik azaldu duenez, ekimen honekin "elkarlana bultzatu" nahi izan dute.

Ekimenaren helburuak, berriz, asko dira: landa eremuak betetzen dituen funtzioak aitortzea; nekazaritzako biodibertsitatea zaindu eta kontserbatzea; bertako produktuak ezagutarazi eta hauen kontsumoa zabaltzea; kontsumo ohitura iraunkorrak bultzatzea; nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta landa eremuaren egoera gizarteratu eta kontzientzia zabaltzea; eta, herritarren artean espezie exotiko inbaditzaileen arazoaz kontzientzia zabaltzea.

Hainbat arlo landuz

Ekimen honen baitan, ikastetxeekin lan egingo dute, eskolako Agenda 21en baitan; erosleen artean azoken bidez bertako produktuak sustatuko dituzte; lorezaintza eta sukaldaritza ere landuko dituzte; eta, landa guneetako auzo eta herrietan hainbat ekimen bideratuko dute.

Azpeitiko eta Azkoitiko ikastetxeetan Eskola Agenda 21en baitan biodibertsitatea landuko dute, elikagaiak eta baliabideak aztertuz. Irteerez gain, sukaldaritzako, haziei buruzko, eta baratzezaintzako ikastaroak egingo dituzte. Bi herrietako azokak sustatzeko asmoa ere badute Ereiten ekimenean. Asmo horrekin lotuta, azokak sustatzeko karpak erabiliko dituzte, "karpen bidez, azoka biztanleengana gerturatu nahi da".

Baratzetik sukaldera

Bi herrietako lorategietan baratzeak ere jarriko dituzte. Azpeitian, Zelai Luzen eta igerileku aurreko lorategietan, eta, Azkoitian Elkargunearen aurrean. Baratze horietan lorezaintza eta baratzezaintza uztartuko dituen ikastaroa emango dute. Ikastaroetan bi alderdi landuko dituzte: bertako barazkiak eta produktuak, eta loreak eta paisai hiritarra. Baratzeak bi hilabete barrurako bukatuta egongo direla azaldu dute. Baratze hauetan bi ikastaro emango dituzte, bat udaberrian eta bestea udazkenean.

Horretaz gainera, sukaldaritzarekin eta gastronomiarekin lotutako jarduerak ere egingo dituzte, bi motakoak: dastatzeak eta sukaldaritzako ikastaroak. Otsailean, bertako neguko barazkiekin eguneroko sulkaldean zer eta nola prestatu daitekeen azalduz ikastaroa emango dute. Baina, datorren udaberrirako eta udazkenerako ere hainbat jarduera aurreikusten dute.

Gainera, Slow Food elkartearekin afari tematikoak ere antolatuko dituzte. Otordu horietan, baratzezaintzako eta sukaldaritzako jardueretan landutako produktuak dastatuko dira. Horrez gainera, sormeneko sukaldaritza herrikoiarekin lotutako lehiaketak antolatuko dituzte.