Adinekoekin lan egiteko boluntarioak behar dira

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 31a, 10:10
Proiektuko eragileek atzo eguerdian egin zuten Baigeraren ekimenaren aurkezpena / NEREA URANGA

Herrian 65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi direnei buruzko ikerketa aurkeztu dute

Azpeitiak 14.503 biztanle ditu; horietatik 2.556 lagunek 65 urtetik gora dituzte eta 365 bakarrik bizi dira

Adinekoekin lan egiteko boluntario gehiago behar direla nabarmendu dute, 65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi direnei buruzko ikerketa aurkeztu dutenean. Azterketaren egitasmoa Baigera erretiratuen eta pentsiodunen elkartearena izan da, eta Udalarekin elkarlanean egin dute. Baigerakoek, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Ana Mendizabalek eta Edurne Zubia teknikariak, Nagusilaneko kideek eta Osasun Pastoraltzakoek aurkeztu dute azterketa. Azpeitian 65 urtetik gorako 2.556 lagun daude, eta horietatik 365 bakarrik bizi dira.

Azpeitian Nagusilanen zortzi boluntario dabiltza, eta horietatik gehienak emakumezkoak dira. Egitekoa adinekoekin pasieran irtetea, irteerak antolatzea eta telefonoz etxean daudenei deitzea da. "Gure asmoa haiei poz pixka bat eman eta laguntasuna eskaintzea da", dio Maite Gonzalo Nagusilanekoak. Baina, lagun gutxi dabiltzala dio, eta Azpeitian boluntarioak aurkitzea zaila dela. Nagusilanekoekin boluntario jardun nahi dutenek 652551499 edota 943814727 telefonoetara deitu dezakete.

Osasun Pastoraltzakoek ere adinekoekin jarduten dute lanean. Kasu honetan hamabi lagun dabiltza boluntario, eta hauek ere jende gehiagoren beharra dute. San Martin Egoitzan jarduten dute asteazkenero. Arrasateko buruko gaixotasuna dutenen zentroetara ere joaten dira urtean zehar. Atzegikoekin, berriz, ostegun arratsaldeetan afari-meriendak antolatzen dituzte. Hauekin boluntario jardun nahi dutenek udaletxera edota Baigera elkartera jo beharko dute.

Baigera elkartekoek batik bat adinekoentzako aisialdiko ekitaldiak eta irteerak antolatzen dituzte. Baina, orain, Adinekoen Kontseiluan jardun eta arlo soziala lantzen hasi nahi dute. "Bestela ere lanerako jende aldetik oso justu ibiltzen gara eta eskertuko genuke adineko jende gehiago animatuko balitz boluntario bezala lan egitera", esan du Maria Jesus Arregik. Baigerak 1.600 bazkide ditu. Elkartean lanean jarduten dutenak, berriz, dozena erdi lagun dira.

Ikerketaren datuak

Azpeitian bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen inguruko azterketa egin dute. Egitasmoa Baigera erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak bultzatu du, eta Udalarekin elkarlanean eraman du aurrera. Ikerketa Ainara EgaƱak egin du, eta egindako lanagatik eskerrak eman dizkio Udalak.

  • Galdeketa. Azpeitiak 14.503 biztanle ditu eta horietatik 2.556 pertsona 65 urtetik gorakoak dira.
    • 65 urtetik gorakoetatik %14,28 (365 lagun) bakarrik bizi dira.
    • Galdeketa, 365 lagun horietatik 154ri egin diete, "arrazoi desberdinengatik".
  • Ezaugarri soziodemografikoak.
    • Galdeketa egin zaienen gehiengoa emakumezkoa da, %65,58.
    • Gehienak 75 eta 79 urte bitartekoak dira. Horietatik %89,61 Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoak dira, eta %61,68k lehen mailako ikasketak eginda ditu.
    • Egoera zibilari dagokionez, %74,67 alarguna da.
  • Egoera familiarra. %92,20k familiakoen laguntza dute, eta horietatik %76k dio laguntasun dezentea dutela.
    • Galdetutakoen %74,67k seme-alabak dituzte.
    • %97,40k dio inguruak behartuta bizi direla bakarrik.
  • Osasun egoera eta autonomia. Galdetutakoen %84,41ak autonomia osoa edo partziala du, eta %15,58k dependentzia osoa edo partziala.
  • Egoera ekonomikoa. Gehiengoak (%59,09k) badaki laguntza sozialak eta ekonomikoak badaudela. %16,23k laguntza horiek jasotzen ditu.
    • %72,07k dio ez duela uste laguntza ekonomikorik behar duenik.
    • Diru-sarrerei dagokionez, %36,36k 600 eta 900 euro bitarteko pentsioa jasotzen dute, eta hauetatik gehiengoak 15.000 euro eta 30.000 euro arteko ondarea dute.
    • Galdetutakoen gehiengoaren (%61,68arena) ikuspuntua, Azpeitiko maila ekonomikoa altua dela da.
  • Etxebizitzaren egoera. Galdetutako gehiengoak, %84,41ek, etxebizitza propioa du, eta %75,32k ez du beste etxebizitzarik.
    • %42,85ek ez du igogailurik bizi den etxebizitzan.
    • %87,01en iritziz, bere etxea egoera onean dago eta %97,40 seguru sentitzen da bertan bizitzen.
    • %42,45ek bakarrik egiten ditu etxeko lanak.
    • %14,93k telealarmaren zerbitzua erabiltzen dute, eta gehiengoa gustura dago zerbitzuarekin. Zerbitzua ez duten batzuek eskaera ere egin dute, ikerketa hau eta gero.
  • Egoera soziala. Gehiengoak, %90,35ek, autonomia maila altua duela dio.
    • Garbitasun pertsonalaren harira, %87,01 bakarrik moldatzen da. Laguntza behar duten kasu gehienetan seme-alabek laguntzen diote.
    • Etxez etxeko laguntza zerbitzua %35ak erabiltzen du.
    • Denbora libreaz galdetuta, %55,84k nahikoa denbora libre duela esan du. %85,71k telebista ikusteko ohitura du eta %62,33k irratia entzuten du.
    • Harreman sozialez galdetuta, %73,37k beste pertsonekin harreman asko duela esan du.