Hiru herritako bertsolarien habia

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 30a, 11:10
Erniarraitz bertso eskolako kide batzuk, herenegun.

Erniarraitz Bertsozale Elkartearen bertso eskoletan Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo bertsolari gazteak dabiltza

Orain martxan den Bertsolari Txapelketa Nagusian "gertukoren bat egoteak edo ez egoteak eragina" duela diote

Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo bertsolari gazteak biltzen ditu Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Bertso Eskolak. Elkarteak Azpeitian, Perez Arregi plazan, duen egoitzan biltzen dira astero-astero.

Batzuk astearte iluntzetan eta, beste batzuk, asteazken iluntzetan. Batzuk, Haritz Etxeberria Ministrorekin eta, besteak, Jokin Urangarekin.

Elkarteko Bertso Eskolarako zubi lana eskoletako bertso eskolek egiten dutela dio Jokin Urangak. "Errezilgoa kenduta, Azkoitiko eta Azpeitikoak ikastetxeek beraiek kudeatzen dituzte, baina Erniarraitzera etortzen dira irakasle bila, eta elkartekoak ibiltzen gara lan horretan. 16 urtetik aurrera segitzea nahi dutenak elkarteko bertso eskolara etortzen dira".Hezkuntza arautuan ere ematen dituzte bertsolaritzari buruzko saioak. Ekimen hauek ikastetxeen, udalen eta Bertsozale Elkartearen artean egiten dira. Horietan egindako lanari esker, bertso eskoletako parte-hartzaile kopurua igo egin dela diote.

Txapelketa Nagusiari so

Bertso Eskoletan, orain martxan den Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak komentatzen dituztela diote. "Beti aipatzen dugu zerbait bertso eskolan, gazte jendea fuerte datorrela-eta horrelakoak", dio bertso eskolako batek. Beste bat, eskualdean izandako final laurdeneko saioetan izan da, "Zestoan eta Zarautzen"

Oraingo honetan, Erniarraitzeko inor ez dago Txapelketa Nagusian, eta horrek eragina baduela diote, "orain lau urte gutako batek parte hartu zuen, eta orduan giro aldetik antzematen zen. Gertukoren bat egotean beti du eragina. Gertukotasunak interesa pizten du". Dena dela, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko talde bat oraingoan ere Txapelketa Nagusiko saio guztiak gertutik jarraitzen ari da: "Elkartean badira batzuk saio guztietara joaten direnak batere hutsik egin gabe".