Haurren danborradako karrozaren lehiaketa martxan jarri du Udalak

Uztarria.eus 2009ko urr. 29a, 11:10

Karrozaren gaia Azpeitiaren 700. urteurrena da

Aurreproiektua aurkezteko epea azaroaren 30ean bukatuko da

Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak San Sebastian Eguneko haurren danborradako karrozaren dekorazio proiektua eta errealizazio lehiaketa antolatu ditu. Edonork har dezake parte, banaka zein taldean, eta azaroaren 30erako aurkeztu beharko dute aurreproiektua udaletxean.

Aurtengo gaia Azpeitia, 700.urteurrena 1310-2010 izango da eta karroza egiteko aurrekontua, 7.800 eurokoa. Irabazleak 1.500 euroko diru saria jasoko du.

Lehiaketaren oinarriak honakoak dira:

  • 1. Nahi duen edonork, pertsona nahiz taldek, parte har dezake.
  • 2. Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  • 3. Proiektuak sortu berria izan behar du.
  • 4. Karrozaren neurriak: 2,80 metro zabal, 3,85 metro luze eta 3,20 metro altu.
  • 5. Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko gutunazal batean jarri egilearen datuak: izen-abizenak, nortasun agiria, helbidea, telefonoa eta Curriculuma.
  • 6. Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30ean amaituko da.
  • 7. Proiektuak helbide honetan aurkeztu behar dira: Azpeitiko Udala (Festa Batzordea) Enparantza Nagusia, 5. 20730 Azpeitia. Telefono zenbakia: 943 157068.
  • 8. Epaimahaia Udalak izendatuko du eta bost lagunek osatuko dute.
  • 9. Aurkeztutako egitasmoen artetik bakarra aukeratuko dute.
  • 10. Planoak, bozetoak, aurrekontua (zehaztuta) eta gehienez A-4ko bi orrialdetan azaldutako memoria aurkeztu behar dira. Aurrekontuak ezingo du izan 7.800 euro baino handiagoa.
  • 11. Lehiaketako irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.
  • 12. Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiak hala erabakiko balu.
  • 13. Oinarriak betetzen ez dituzten proiektuak ez dituzte onartuko.