Kros Mistoan izena emateko epea bihar bukatuko da

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 28a, 10:10

Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira aurretik; egunean bertan ere eman daiteke izena, 30 euroren truke

Ikasberri Kirol Elkarteak eta ESAITek antolatu duten lasterketa Euskal Selekzioaren aldekoa izango da

Larunbat arratsaldean Azpeitiko I. Kros Mistoa jokatuko dute herriko kaleetan zehar, eta bihar bukatuko da aurrez izena emateko epea. Herriko Mugi, Aitzaki eta Aradi dendetan edo www.herrikrossa.com webgunean egin daiteke, bikoteko 20 euro ordainduz; lasterketa egunean ere izena eman ahal izango da, baina 30 euro balioko du. Bertan, 18 urtetik gorako neska-mutilez osatutako bikoteek hartu ahal izango dute parte. Momentuan, 55 bikote inguruk eman dute izena lasterketan.

Ikasberri Kirol Elkarteak antolatu du lasterketa, ESAITekin elkarlanean, eta Euskal Selekzioaren aldekoa izango da. Era berean, Azpeitiko Udalaren laguntza jaso dute ekitaldia aurrera eraman ahal izateko

Itzuli txikia eta handia

Lasterketa herriko plazan hasiko da, 17:30ean, eta lasterkariek 6 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute herri barruan. Guztira bi itzuli egin beharko dituzte: itzuli txikia eta handia. Lehenik eta behin, itzuli txikia egin beharko dute: Erdikaletik jaitsi eta Enparan Dorretxearen atzetik Damaso Azkue auzoari buelta emanda, pilotalekutik berriro plazara joango dira. Ondoren, berriz, itzuli handia egingo dute: plazatik Loiolabidera joango dira, eta handik Artzubiko zubia igaro ondoren, honako tokiak pasatuko dituzte: anbulatorioa, Pablo VI.a auzoa, zezen-plaza, Agirre auzoa, Garmendigaina, kiroldegia, Artzubia hiribidea, Foru Ibilbidea, Damaso auzoa, Enparango zubia eta Erdikalea, hain zuzen ere. Helmuga plazan jarriko dute, irteerako toki berean. Lasterketa amaitutakoan aldagelak izango dituzte parte-hartzaileek Izarraitz pilotalekuan.

Diru saririk ez dute jarriko, herrikoia izatea bultzatu nahi dutelako. Edonola ere, hainbat sari banatuko dute eta lasterketa amaitutakoan zozketak egingo dira. Txiparen bidez hartuko dituzte lasterketako denborak, eta bukaeran txipa aurkeztuta lasterketako elastikoa eta poltsa bat jasoko dute lasterkariek.

Iritziak emateko aukera

Antolatzaileek jendea animatu nahi dute lasterketa berezi honetan parte hartzera. Bide batez, gainera, parte-hartzaileen iritzia jaso nahi dute, hurrengo urteetan antolatzeko garaian hobekuntzak ezartzen joateko. Lasterkariek ikasberrike@yahoo.es posta elektronikora bidali ditzakete euren iritziak eta proposamenak.