Iñigo Martinez iruindarrak irabazi du Urrakiko Igoera

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 27a, 09:10

Istripurik ez da izan auto lasterketan eta oso gustura daude Lagun Artea Eskuderiakoak

Iñaki Alberdi azpeitiarrak hirugarren bukatu zuen lasterketa

Iñigo Martinez iruindarrak irabazi zuen herenegun Urrakiko XXVII. Igoera, Silver Car S2 barketarekin. Haren atzetik, Pantxo Egozkuek bukatu zuen auto lasterketa Speed Car GT-R barketarekin. Hirugarren Iñaki Alberdi azpeitiarrak egin zuen, Porsche 911 GT3 autoarekin. Alberdik auto lasterketa barketa artean bukatu zuen, aurretik bi eta atzetik beste bi zituela gelditu baitzen sailkapen orokorrean. Gehiago egiteko gogoarekin baina gustura gelditu da Alberdi Urrakin egindakoarekin: "Lasterketa bukatu dut behintzat eta alde horretatik gustura nago".

Lasterketaren hasiera "narras samarra" izan zela dio Alberdik: "Goizean euria egin zuen, baina ez asko, eta bidearen beheko aldea zikin samarra zegoen, euriak ez zuen dena garbitu. Horregatik, zati horretan tentuz ibili beharra zegoen lehen igoeran. Gero, hurrengorako bidea hobeto zegoen. Baina denontzako baldintzak berdinak ziren". Barketa artean bukatzerik ez zuela espero dio Lagun Artea Eskuderiako auto gidariak, "ez nuen espero horien artean sartzerik. Guk, haien aldean abantaila bat dugu Urraki hobeto ezagutzen dugula".

Lasterketan 76 auto gidarik zuten izena emanda, baina 70ek hartu zuten parte. Lasterketa 60 gidarik bukatu zuten, beste hamar hainbat arrazoi tarteko lasterketatik kanpo gelditu baitziren; besteak beste, Aitor Zabaleta bergararra (lasterketako irabazteko aukera asko zuena) eta Ramon Apalantza errezildarra.

Lasterketan ezusterik eta istripurik ez zen gertatu eta alde horretatik "oso gustura" daude Lagun Artea Eskuderiakoak. Jose Antonio Araneta Eskuderiako presidenteak hala dio: "Oso ondo joan zen lasterketa, istripurik ez zen izan eta jende pixka bat ere etorri zen lasterketa ikustera. Lasterketa, 14:00etarako bukatuko zela aurreikusten genuen eta 13:40rako bukatu zen, ondo joan zelako". Alberdi gidariaren iritziz hori ere oso ona da, "auto lasterketa bateko gauzarik ederrena horixe da, istripurik edota ezustekorik gabe bukatzea. Denok eskertzen dugu hori".

Lagun Artea Eskuderiaren denboraldiko azken lasterketa izan da Urrakiko Igoera. Baina, oraindik ere abenduan zerbait berezia antolatzeko asmoarekin dabiltza. "Landetako industrialdean zerbait antolatzeko asmoarekin gabiltza, ikusiko dugu zer irteten duen", esan du Aranetak.

Iñaki Alberdik oraindik aurtengo lanak bukatzeko ditu, "Bizkaia aldean beste bi lasterketa ditugu urtea bukatu aurretik eta horietan irteteko asmoa badut".

Sailkapena

  1. Iñigo Martinez (Silver Car S2) 00:03:15,652
  2. Pantxo Egozkue (Speed Car GTR) 00:03:17,459
  3. Iñaki Alberdi (Porsche 911 GT3) 00:03:24,240
  4. Alberto Alonso (Speed Car GTR) 00:03:24,986
  5. Ruben Nogueiras (Silver Car S2) 00:03:26,903
  6. Josetxo Zapiain (Renault Maxi Megane) 00:03:37,576
  7. Toni Evangelista (Ford Escort WRC) 00:03:41,347
  8. Joxe Labaka (BMW M3) 00:03:42,075
  9. Josetxo Duperou (BMW M3) 00:03:44,263
  10. Julen Etxeberria (BMW M3) 00:03:45,036