Triku arantzak

Leire Lazkano, Garikoitz Mendiola, Jose Luis Otamendi (Ezker Abertzaleko Kulturako Taldeko kideak) 2009ko urr. 27a, 09:10

Azpeitiko Udal Gobernuak kultur politikan zabar antzean dabilela erakutsi du berriki. Uste dugu EAJk, aspalditik defenditu izan duen eredua aldatzeko zailtasunak dituela, edo, bestela, ez duela horretarako borondaterik. Esan daiteke azken hamarkadetako inertziak bere horretan jarraitzen duela, lehengo lepotik ageri duela burua alegia.

2009ko Triku Festie dela-eta sortu den gorabehera xelebrea izan da. Aurrena Udaleko Kultura Sailak Sanagustineko aretoa erabiliko zela agindu antolatzaileei eta, ondoren, emandako hitza jan du. Triku Elkartearenganako eta herriko kultur eragileenganako begirune falta iruditzen zaigu. Udal Gobernuak zintzo jokatu nahi izatera, ahalegina egin behar zuen lehenago aurreikusteko Sanagustineko aretoak izan zitzakeen zailtasunak kontzertu horiek eskaintzeko, eta antolatzaileei herrian bertan alternatiba duinak lantzeko astia eman, esperantza faltsuak sortu beharrean. Baina gauzak gaizki kudeatu dira bueltarik ez duen egoera batera iritsi arte, eta horrek mesfidantza sortzen du Udalarenganako, eta gainditua behar lukeen goitik behera eratutako hartu-eman estiloa berritzera dator.

Hamar urteko historia duen jaialdia kolokan jarri du Udalaren jokaldi baldarrak. Azkenean, Triku Elkarteak traba guztien gainetik egin eta larrialdiko irtenbidea bilatu du Azkoitira joanda.

Antzekorik berriz ez gertatzeko iragan hurbilera begiratzea nahikoa delakoan gaude. Izan ere, ez zaigu hain aspaldikoa 2007-2008 urteetako hirukoaren Udal Gobernuaren esperientzia. Orduan ikusi zen gauzak beste modu batera egin daitezkeela, urte eta erdi horretan ikasi genuen beste harreman estilo bat posible dela Udalaren eta herritarren artean, aski dela erakundeen aldetik parte-hartzeari ateak zabaltzea, herri mugimendua sendotu eta antolaketan eta autogestioan urrats esanguratsuak ematen hasteko. Begi bistan geratu da kultur eragileen eta Udalaren arteko lankidetza giroak onura dakarkiola herriko bizimoduari.

Guk gertaera puntual tamalgarria izatea nahi genuke Triku Festako hau, eta antzeko konturik gehiago ez ekarri beharrik izatea hizpidera. Baina beldur baten lausoa uxatu ezinik gabiltza, beldur gara EAJk gaitz hori ez ote duen berezkoa. Gainera, eta okerragoa litzateke hori, beharbada Sanagustin bigarren mailako kultur azpiegituraren mailara kondenatzeko tentazioa izan dezake EAJk, interes handinahien mesedetan. Beldur gara Sanagustinen garra indargabetuz ez ote duten Soreasuren premia puztu nahiko herrian eta, bereziki, kultur eragileen artean.

Krisiak jota gabiltzan honetan zer pentsatua ematen du Soreasu bezalako azpiegitura batekin kosta ahala kosta aurrera egiteko Udal Gobernuak hartua duen temak. Zahitan zintzo eta irinetan zoro gabiltza: krisiaren aitzakian zenbait gastu xeheri erreparoak jartzen zaizkion bitartean (Ardo Egunari, esaterako), handikerietan diruak oparo xahutzeko prest beti (Soreasuko auditorioa).

Triku Festaren zaputza gorabehera, Sanagustin kultur gunearen momentua dela pentsatzen dugu eta horri heldu behar zaiola buru-belarri orain. Kultur gune horrekin urte askotako zuloa betetzen hasteko aukera dago Azpeitian.

Gainera iruditzen zaigu, kultura parte-hartzailearen aldeko filosofia indartzen saiatu behar dugula azken bi urteotako aurrerapausoei eutsiz. Horretarako Kultur Mahaia agente gero eta biziagoa eta aktiboagoa bihurtu beharko litzateke. Ez da lagungarri gertatuko, egia esan, Triku Festaren aurrean Udalak eman duen neurri kaskarra. Joan den urtarrilean oposiziotik gobernura iritsi zen EAJko udal taldeak, hobe luke kulturan ere gobernatzen hasiko balitz, herriko kultur taldeei zailtasunak jarri eta oposizioa egin partez.

Amaitu aurretik elkartasuna adierazi eta suertea opa nahi diogu Triku Elkarteari, horren beharrik gabe aurtengo festa atari hau nahikoa mikaztu zaie eta.

Ea aldatzen diren gauzak, ea aldatzen ditugun...