Azpeitiko I. Kros Mistoa aurkeztu dute

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 19a, 12:10

Hilaren 31n izango da I. Kros Mistoa, 17:30ean, eta herriko plazatik hasiko da

Ibilbideak 6 kilometroko luzera izango du eta dena herri barruan izango da

Herenegun iluntzean Azpeitiko I.Kros Mistoa aurkeztu zuen Ikasberri Kirol Elkarteak. Aurkezpenean, Herrikrossa enpresakoek, ESAITekoek, Ikasberri Kirol Elkartekoek eta Azpeitiko Udaleko kirol zinegotziak hartu zuen parte. Azpeitiko I.Kros Mistoa hilaren 31n izango da, 17:30ean, herriko plazan hasita. Euskal Selekzioaren aldeko krosa izango da, ESAITekin batera antolatu dutelako. Diru saririk ez dute jarriko, baina hainbat sari banatuko dute. Txiparen bidez hartuko dituzte denborak eta bukaeran txipa aurkeztuta lasterketako elastikoa jasoko dute lasterkariek. Sei kilometroko ibilbidea du, dena herri barruan. Plazan hasi eta bukatuko da lasterketa. Irtendakoan itzuli txiki bat egin beharko dute, Erdikaletik jaitsi eta Enparan Dorretxearen atzetik Damaso Azkue auzoari buelta emanda, pilotalekutik berriro plazara joango dira. Han itzuli handia hasiko dute. Itzuli handian Loiolabidera joango dira eta handik Artzubiko zubia igaroko dute. Ondoren honako tokiak pasako dituzte: anbulatorioa, Pablo VI.a auzoa, zezen-plaza, Agirre auzoa, Garmendi gaina, Enparango zubia eta Erdikalea. Helmuga plazan jarriko dute. Dagoeneko izena eman daiteke www.herrikrossa.com-en, edota Aradi, Aitzaki eta Mugi kirol-dendetan. Aurrez izena emanez gero 20 euro ordaindu behar dira bikoteko, egunean bertan, berriz, 30 euro.