Arantza Aurrekoetxearen estrategiak

Laxaro Azkune (Uztartzen Euskara Elkarteko eta Urola Kostako Hedabideak SLko lehendakari ohia) 2009ko urr. 16a, 19:10

EAJko legebiltzarkide Arantza Aurrekoetxeak bezperan Berria egunkarian argitaratutako iritzi artikuluari erantzun dio gaur egunkari berean Laxaro Azkunek

Arantza Aurrekoetxea EAJko legebiltzarkideak atzo Berria-n argitaratu zuen iritzi artikuluan datu asko erabiltzen ditu EKTko Joanmari Larrartek esandakoari aurre egiteko. Ni ez naiz datuetan sartuko, ez baititut horren zehatz ezagutzen, eta ez naiz, gainera, horretan batere aditua. Bestetik, zenbakiak nahi den erara erabili ohi diren susmoa ere badaukat, bai komeni den informazioa emateko baita komeni ez dena ezkutatzeko ere.

Beraz, ez dakit, Arantza Aurrekoetxea, zure asmoa zein izango zen, usaia hartzen badiot ere. Dena den asmo hori zerbait argitzen digu zure esaldiak: "Zorionez, ordea, badakigu euskarazko hedabideen sektorean hainbat direla euren buruekiko jarrera zorrotza eta perspektiba autokritikoa duten eragileak: perspektiba estrategikoan ari direnak, alegia". Beraz, ondorioz, Berria-ko lan taldea perspektiba estrategikorik gabe ari da lanean.

Begira diezaiogun orain zer egin duen azken urteotan Berria-ko lan taldeak, bere kasa edo elkarlanean: hurbilenetik hasita, gure kasuan, Urola Kostako Hitza, elkarlan zintzo eta emankorraren emaitza, Berria egunkari nazionala, Berria.info atari digitala, Mantangorri haurrentzako gehigarria, Matraka gazteentzako gehigarria, Nora aisialdirako hilabetekaria, Iragarki-Laburrak proiektua, Hamaika TB, zortzi eskualdetan Hitza egunkariak, kultur eta aisialdiko promozioen sustapena bideratu eta landu...

Hori dena egin dutenak perspektiba estrategikorik gabe ari badira, egon beharko dute euskararen munduan perspektiba gehiagoz lanean ari diren besteren batzuk, baina nik ez ditut ezagutzen, tamalez, itsu samar egongo naiz nonbait.

Eta ez da ba hain handia ere gure mundu hau hori ez ikusteko!