Txema Auzmendi auzipetua Loiolan egongo da 'Egunkaria'-ko epaia eman artean

Uztarria.eus 2009ko urr. 15a, 17:10

Txema Auzmendi gaur (osteguna), Loiolan.

Jesuita Kataluniara zen joatekoa lanera, baina Donostiatik hona etorri da laster hasiko den epaiketa dela-eta

Hamalau urteko kartzela eskaera egin dute haren aurka; beste lau auzipetu daude

Txema Auzmendi (Ordizia, 1949) da Egunkaria auziko auzipetuetako bat, laster egingo diote epaiketa, eta epaia eman artean Loiolan egongo da. Jesuita da hura, eta Donostian egon da azkeneko 21 urteetan; orain Kataluniara joatekoa zen lanera, baina epaiketa dela-eta bertan behera utzi du trasladoa eta Loiolan jarri da, jesuiten etxean.

Urriaren 1etik dago Loiolan, gaur (osteguna) berak uztarria.com-i esan dionez. "Epaiketako defentsa idatzia prestatzen ari naiz, batetik. Eta, bestetik, beharra dutenei eta hala eskatzen dutenei laguntza pertsonala eman ahal izateko liburuak-eta irakurtzen nabil".

Lehen ere egona Auzmendi Azpeitian, 1985-1988ra Iraurgi Ikastetxean irakasle aritu baitzen. Uztarria herri aldizkariak elkarrizketa egin zion 2003ko apirileko zenbakian, Egunkaria-ren aurkako operazioa zela-eta.

Eskaera handiak haren kontra

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa azaroan hasiko da —kazetaren itxierarena—, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta, Auzmendi ez ezik, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen, baina epaimahaiak ez zien jaramonik egin. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dituzte haren aurka.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Inaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa.

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Auzmendi, Torrealdai, Uria, Otamendi, Oleaga, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Auzmendi auzi ekonomikoan ere auzipetuta, eta 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna eskatzen dituzte haren aurka.

Auzmendi: "Euskal kulturaren alde lan egiteko modu bat epaitzen dute gurekin"

(Berria egunkariak Igandea gehigarrian elkarrizketa egin zion hilaren 11n Auzmendiri, eta hona hemen Egunkaria auzia-z zetorrena)

Uztailean epaiketa bertan behera ez uztea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak, baina bazegoen kontrakoa gertatzeko itxaropena, ezta?

Kolpe latza izan zen hura. Egun haietan ni Baztanen nengoen —tartetxo bat hartu nuen pentsatzeko, atseden hartzeko—, eta, han nintzela, esan zidaten litekeena zela Auzitegi Nazionalak erabakitzea epaiketa ez egitea. Berehala etorri zen erabakia, ordea. Beraz, nik ez nuen guztiz barneratu. Halere, itxaropena hor zegoen, eta epaiketa egiteko erabakia kolpe gogorra izan zen guztiontzat. Zorionez, ni momentu pertsonal onean harrapatu ninduen, eta gero, lasaitu nintzenean, Iñigo Iruin abokatuak esaniko gauza bat gogoratu nuen. Hark aspaldi esan zigun: "Gauzak iritsi diren lekura iritsita, hemen ez dago atzera bueltarik". Egunkari bat itxi zuten, gu atxilotu, prozesu juridikoan hainbat urrats egin… Horrek guztiak oso zail egiten zuen atzera jotzea eta prozesua etetea. Ez emango zuten itxura txarragatik bakarrik, baita guri kontra egiteko bidea emango zigutelako ere.

Inaki Uria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta zu zeu zaudete kartzelara joateko arriskuan, baina maiz esan duzue epaiketa honetan ez zaituztetela zuek bakarrik epaitzen.

Bai. Nire ustez, hori garbi gelditu da. Euskal kultura bizitzeko, haren alde lan egiteko eta aurrera eramateko modu bat epaitzen dute gurekin. Nik garai batean esan nuen itxiera zuzen-zuzenean zihoala Euskal Herriak bere nortasunari eusteko zutabe nagusien kontra. Hori ahuldu nahi zuten, ahal bazen birrindu, eta gure nortasuna, hizkuntzak ematen diguna, suntsitu. Gero, guardia zibilen paperak irakurriz, tesia zein den ohartzen zara. Zuek ez duzue loturarik udaletxeekin, ez eta diputazioekin eta Jaurlaritzarekin ere, ez duzue zerikusirik instituzioekin eta euskararen zabalpen ofizialarekin... Baina instituzioekin loturarik ez baduzu, beste norbaitekin izan behar duzu harremana, eta beste hori ETA da. Horregatik diogu hau ez dela soilik Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako auzi bat, gu boston kontrakoa. Euskararen alde lan egiteko gure modua dago auzitan, eta lan egiteko modu hori oso zabala da euskalgintzan. Gure erronka da hori ulerrarazten saiatzea, jendeari hori ikusaraztea. Izan ere, hori aurrera joaten bada eta zigortzen bagaituzte, zigor pertsonalak izango dira, baina haien zentzua askoz ere zabalagoa da.

Zazpi urteotan babesa sentitu duzue?

Bai, beti, eta ez senideena eta adiskideena bakarrik, baita mundu honetan, euskal munduan, zurekin harremana izan dutenena ere. Halere, denbora pasatu ahala, zaila da horri eustea. Baina egia da, zorionez, jendeak normalean babesa agertu digula, eta deialdiren bat egin dugunean beti izan dugu erantzuna. Hori gabe ez dakit nola eutsiko genion, eta ni beti esker oneko agertzen naiz.

Egunkaria itxi zuteneko elkartasun hura piztuko al da berriro?

Zazpi urte ez dira alferrik joan. Saiatu behar dugu orduko elkartasuna pizten, baina zaila da oso.

2003ko otsailaren 22an, guardia zibilen esku inkomunikatuta zeundetela, manifestazio erraldoia egin zen Donostian, 'Egunkaria'-ren eta zuen alde. Infernu hitza erabili izan duzu hura definitzeko.

Bai, hura hobeto irudikatzeko hitzik ez da. Orain epaiketa aurrean dugula, berriro gogoratzen duzu orduan pasatutakoa. "Honek ez du zentzurik", pentsatzen duzu. Izan ere, epaileek, zu zaindu behar zaituzten horiek, pertsonaren eskubideak zaindu behar dituzten horiek, hasiera-hasieratik entzungor egin dute. Eta orain eurek epaitu behar gaituzte. Niretzat lorpen handia litzateke gai hau epaiketara eramaten jakingo bagenu. Nik ezin dut bizitakoa ahaztu. Eta Euskal Herrian, edo hemengoaren gisako inpunitate sistema bat duen beste edozein lekutan, pertsona bat atxilotu eta inkomunikatu dutela entzuten duzunean, zuk bizitako infernu hura etortzen zaizu berriro gogora.

Salatzeagatik, gainera, salatu egin zintuzteten.

Bai, hori sekulakoa da. Eta, askotan, ezagutzen ez zaituen jendeari gertatutako guztia azaltzea ez da batere erraza. Jende askok pentsatzen du: "Aizu, ze pelikula ari zara kontatzen. Hori ezin da egia izan demokrazia batean". Hemen errazagoa da, baina Madrilera joan izan garenean, jende askok ez digu sinisten.

Del Olmo epaileari militantzia zer den ere azaldu behar izan zenion, haren aurrera eraman zintuztenean. Hori ere ez dute ulertzen Madrilen?

Saiatu nintzen azaltzen. Niri galdetu zidan ea zer irabazten nuen Egunkaria-ren administrazio kontseiluan egonda. Euskarak zoritxarrez militantzia ezinbestekoa zuela erantzun nion nik, ez genuela dirurik jaso inoiz. "Zuek, espainiarrok, erdararekin ez duzue arazorik, eta ez duzue militantziaren beharrik zuen hizkuntzari eusteko. Baina Euskal Herrian jende asko ari da laguntzen, militantzia hutsagatik". Horrela bakarrik uler daiteke Egunkaria sortu genuen bezala sortzea, jende asko lanean hastea soldata jasoko zuen ere jakin gabe… Gero, jakin nuenean Del Olmok Durangon hiru urte pasatu zituela, pentsatu nuen: "Edo begiak itxita dauzkazu, edo bihotza daukazu itxita, bestela ezin da ulertu". Euskal Herrian biziz gero, argi ikusten da ez zarela ETAkoa izan behar euskal militante izateko.