Lagun Onak-ek Ligako partida du Reala Bren kontra gaur, Garmendipen

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 14a, 13:10

Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatuko dute, 19:30ean

Reala B sailkapeneko lehenengo postuan dago, Lagun Onak berriz, azken bigarrengoan

Azkeneko albisteak (urriak 15, 11:00). Bana egin dute

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak Reala Bren kontra jokatuko du gaur, 19:30ean, Garmendipen. Ligako bederatzigarren jardunaldia jokatuko dute gaur.

Gaurkoa, norgehiagoka gogorra izango da Lagun Onak-ekoentzako, sailkapeneko lehen postuetan dagoen taldearen kontra jokatu beharko dutelako. Une honetan, Reala B taldea sailkapeneko lehenengo postuan dago, 19 punturekin (sei partida irabazi ditu, bat galdu eta beste bat berdindu).

Lagun Onak-en egoera, ordea, bestelakoa da. Denboraldiaren hasiera gogorra izan du Azpeitiko taldeak, Espainiako Kopako kanporaketak eta Ligakoak jokatuz hasi baitu. Gaur egun, sailkapeneko azken bigarren postuan dago Lagun Onak, sei punturekin (partida bat irabazita, hiru berdinduta eta lau galduta).

Gaurkoa eta gero, asteburuan Zamudioren kontrako partida izango du Lagun Onak-ek, etxetik kanpo.