Malkortxotik itsasora, oholarekin

Urola Kostako Hitza 2009ko urr. 13a, 21:10
Azpeitiarrak eta beste batzuk Azpeitiko II. Surf Txapelketa ikusten larunbatean, Zarautzen.

Larunbatean Azpeitiko II. Surf Txapelketa jokatu zuten Zarauzko hondartzan, eta goizean goizetik, lagun giroa nagusitu zen

Lehiari dagokionez, Ugutz Karrera izan zen nagusi, bigarren urtez

"Urrestillara bidean, bada Malkortxo deitzen zaion toki bat, erreka ondoan. Han ibiltzen ginen umetan, erreka bazterretik salto eginez eta ur korronteekin jolasean". Haurtzaroan urarekin jolasteko zuten zaletasunak ez du etenik izan, eta Malkortxon ibiltzen ziren garaietatik urte asko joan den arren, igelek uretako gozamenari eusten diote oraindik ere. Hori bai, ur gezatan izan beharrean, gaur egun ur gazitan ibiltzen dira. Errekatik itsaso aldera gerturatu dira. Eta umetako jostailuen ordez, ohola izaten dute lagun. Jende askok sinesten lanak izango dituen arren, Azpeitiko surfzaleek jada bigarren urtez jarraian egin dute beraien herriko surf txapelketa. Eta ekimena, hazten ari da, gainera.

Bigarren urtez, Karrera nagusi

Azpeitiko surflariek urtero lagun arteko afaria egiteko ohitura bazuten lehendik ere. Iaz, txapelketa egitea otu zitzaien, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere ildo beretik jarraitu dute. Joan den larunbatean izan zuten hitzordua Zarauzko hondartzan. 10:00ak ingururako kanal inguruan karpatxoa eta mahaiak muntatuta ikus zitezkeen; musika biziak, berriz, festa giroa jarri zuen.

Ia 40 lagun inguru elkartu ziren Azpeitiko II. Surf Txapelketan, eta iaz bezala, aurten ere Ugutz Karrera izan zen txapelduna. Zozkatutako surf ohola, berriz, Hodei Arzuagak eraman zuen etxera. 16:30ak aldera amaitu zuten jardunaldia, eta ordura arteko gosea, besteak beste, hondartzan bertan egotsitako txorizoekin ase zuten. Amaieran, hondartza behar bezala garbituta, etxean dutxa hartu, eta afaritarako elkartu ziren. Gero, parranda ederra egin zuten, noski.

Malkortxo Team elastikoak

Azpeitiko surf mugimenduari marka berezia jartzeagatik, edo haurtzaroko nostalgia astintzeko asmoz, Malkortxo Team jartzen zuen elastikoak atera eta erabili zituzten surflariek.