Euskararen bikaintasuna eta duintasuna Loiolatik Euskal Herrian hedatuz

Amagoia Iban ('Berria') 2009ko urr. 13a, 16:10

Joseba Intxausti historialariak ustez, euskal literaturan eta euskalgintzan gune historikoa izan zen Loiola XVIII. eta XX. mendeetan

Hizkuntzaren inguruko harrotasuna Manuel Larramendik sortu zuela dio

Erlijio guneek badute euren pisua gure kulturaren historian. Ez alferrik, gune horiek izan dira mendeetan jendea eskolatzeko plaza nagusiak Euskal Herrian, Joseba Intxausti historialariak Loiolari bi gune historiko garrantzitsu ikusten dizkio euskal literatura eta euskalgintzari buruz: XVIII. mendekoa bata; XX. mendekoa bestea. "Hegoaldean, literaturaren eta hezkuntzaren inguruko benetako proiektu serioa jesuitekin hasten da. Zehazkiago, Manuel Larramendi da horren eragilea". Hizkuntzaren inguruko harrotasun bat ekarri zuen Larramendik, historialariaren ustez, euskaraz oso gutxi idatzi bazuen ere: "Hizkuntzaren aldeko predikuetan bakarrik ez, lanean aritu zen, bi modutan: euskararen bikaintasuna defendatuz eta hizkuntzaren corpusa landuz".

Larramendik 1729an eman zuen bere gramatika, eta 1745ean bere hiztegia. Bi tresna horiekin, hizkuntzaren bikaintasuna eta duintasuna Euskal Herrian hedatuz aritu zen. "Lagundian, berera ekarri zituen Mendiburu eta Kardaberaz. Etxeberri Sarakoa ere garai hartan Azkoitian zegoen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea berehala etorri zen. Hori dena bailara berean gertatzen ari zen, baina bailara horretatik Euskal Herri osorako oihartzuna izan zuen. Hortik aurrera, gure herriko intelektual batzuek konfiantza, ziurtasun eta adore berri batekin begiratuko dute euskararen etorkizuna eta bizitza". Prozesu horren gidaritza Loiolatik aritu ziren bultzatzen josulagunak. 1767an bota zituzten arte.

Jesuiten itzalaren bigarren aldi garrantzitsua XX. mendeko lehen hamarkadetan kokatzen du Intxaustik, Nikolas Ormaetxea Orixe-ren eta besteren eskutik. Jose Maria Estefania Zabala izan zen gakoa. Jesuita gazteak hezitzen lagundu zuen, tartean Orixe bera, eta Estepan Urkiaga Lauaxeta, Jokin Zaitegi, Andima IbiƱagabeitia... "Gazte horietako batzuk atzerrian hasi ziren idazten. Loiolatik dator Euzko-gogoa-ren haria, eta Euzko-gogoa nire belaunaldiarekin lotzen da", erantsi du Intxaustik.

--

Oharrak.

  • Berria-k gaiaz herenegun erreportaje zabala argitaratu zuen Igandea gehigarrian.
  • IƱigo Aranbarrik eta Jose Luis Otamendik gaia aipatzen dute Loiolarik ez balitz liburuan (2005eko ekainean aurkeztu zuten).