Herriko hiru pilotarik jokatuko dute Ezker Hormako IV. Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 30a, 11:09

Miren Zabala, Daniela Dominguez eta Naroa Urbieta azpeitiarrak ariko dira

Larunbatean hasiko da txapelketa

Hiru, bi, bat. Atzera kontua hasi da. Larunbatean abiatuko da Ezker Hormako IV. Emakumea Pilotari Txapelketa, Urretxuko eta Zaldibiko pilotalekuetan, eta aurten ere herriko ordezkaririk ez da faltako. Miren Zabala azpeitiarrak lehen mailan jokatuko du, bere bikotekidearekin. Bigarren mailan, berriz, Daniela Dominguez eta Naroa Urbieta azpeitiarrak, ariko dira.

Iazko ildo bera

Atzo (asteartea) arratsaldean aurkeztu zuten txapelketa Donostiako Kirol Etxean, Anoetako estadioaren azpian. Bertan adierazi zutenez, aurreko urteetako ildoa jarraituko dute aurten ere. Binaka eta paletarekin jokatuko da eta bi maila bereizi dituzte, lehena eta bigarrena. Antolakuntza, beste behin, pilotari bakoitzaren joko maila kontuan hartuta bikote orekatuak osatzen saiatu da.

Horrenbestez, hamazazpi bikote ariko dira aurten lehian; zazpi lehen mailan eta hamar bigarrenean, alegia. Parte-hartze kopuruak nabarmen egin du gora, iaz baino sei bikote gehiagok eman baitu izena. "Jende berri asko animatu da, batez ere, bigarren mailan", nabarmendu Emakumea Pilotariko arduradunetako bat den Uxue Fernandezek. Bere ustez, herriz herri abian jarritako paleta ikastaroak eragina izan du parte-hartzean.

Eskualdeko frontoietan

Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketa larunbat honetan hasiko da eta azaroaren 21ean bukatuko da, finaleko partidekin, Zarautzen. Jardunaldiak astero izango dira, bi pilotalekutan, eta egoitza bakoitzean hiruzpalau partida jokatuko dituzte, 16:00etan hasita.

Iaz ere Zarautzen jokatu zituzten txapelketako azken norgehiagokak. Bertan izan ziren Oihana Unanue, Daniela Dominguez eta Naroa Urbieta azpeitiarrak. Dominguezek bigarren mailako txapela lortu zuen bitartean, Unanue eta Urbieta txapeldunorde izan ziren; bata, lehen mailan eta bestea, bigarren mailan.