Bi azoka batean, indar betean

Urola Kostako Hitza 2009ko ira. 28a, 11:09
Lehenengo argazkian, jendea Stock Azokan. Bigarrengoan, artisautza postuan lanean.

Erdi Aroko Azokak eta herriko merkatarien Stock Azokak jende ugari erakarri du

Umeentzako jolasak, ehiza-hegaztien erakusketa eta eskulanen ikastaroak ere izan dira

Asteburu jendetsua izan da Azpeitian. Denetariko postuak jarri dituzte Erdi Aroko VI. Azokan. Jantziak, jakiak, artisautza, landareak eta beste kontu ugari aurki daitezke herriaren erdigunean sakabanatutako hamaika saltokitan. Ikuskizunak eta kale animazioa ere ez dira falta izan aurten. Bandak, txarangak eta zanpantzarrek jarri diote musika azokari. Urtero moduan, Erdi Aroarekin zerikusia duten ekimenak ere izan dira. Hala nola, umeentzako jolasak, ehiza-hegaztien erakusketa eta eskulanen ikastaroak egon dira aukeran.

Salmenta onak Stock Azokan

Bertan Merkatari Elkarteko dendariek atzera gelditutako arropen eta produktuen azokak bildu zuen jende gehien, Berdura Plazan. Deskontu nabarmenak dituzten produktuak eskuratzeko aukera ez dute galdu nahi izan herritarrek eta kanpotik etorritako erosleek.