Veneziako Biurtekoan parte hartzen ari da Oier Etxeberria sortzailea

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 28a, 11:07

Beste lau euskal sortzaileekin parte hartzen ari da arte topaketan, Kurdistan Planet gune periferikoak gonbidatuta

Nortasunaz eta hizkuntzaz hausnartzen duten proposamenak aurkeztuko dituzte

Oier Etxeberria artista azpeitiarra Venezian da egunotan Italiako hiri honetan egiten ari diren Arte Biurtekoan parte hartzen. Kurdistan Planet pabiloiak gonbidatuta joan da Etxeberria, beste artista euskaldunekin batera.

Erromako ACE euskara elkartearen eta Upter unibertsitateko euskara eta euskal kulturaren departamentuaren bitartekaritza lanari esker Veneziako Biurtekoaren ekitaldi periferikoetan parte hartuko duten bost sortzaileek nortasunaz eta hizkuntzaz hausnartzen duten proposamenak aurkeztuko dituzte, gaurtik aurrera.

Aurtengo Veneziako Biurtekoaren leloa Fare Mondi (Munduak egiten) da. Aurten estrainekoz, estaturik gabeko nazio bat, Kurdistan, gonbidatu dute arte garaikidearen topaketa ezagunera.

Posterra eta kontzertua

Oier Etxeberriak Veneziako kale eta espazio publikoetan aurkeztuko du, gaur, sortu duen posterra. Milaka afixa jarriko ditu hormetan "internazionalismoaren kontzeptuari buruz jarduteko". Che Guevarak 1967an zabaldu zuen mezu ezaguna oinarri hartu, Crear dos, tres... muchos Vietnam, es la consigna, alegia, eta Crear dos, tres... muchos Guggenheim izeneko koloretako posterra osatu du.

Kontzertua ere emango du Etxeberriak gaur 21:30ean, Kurdistan Planet gunea dagoen San Leonardo elizan.

Beste proposamenak

Etxeberriarekin batera izango dira egunotan Venezian Ornitorrinkus taldeko kideak, hau da, Maialen Lujanbio bertsolaria, Judith Montero saxofoi jotzailea eta Xabi Erkizia musikaria. Erkiziak Soinu mapa eta Bi paisaia ur azpian aurkeztuko ditu.