Urola trenbidea berriz irekiz gero merkantziarako soilik erabiltzeak desadostasunak eragin ditu

Urola Kostako Hitza 2009ko uzt. 27a, 11:07
Duela 23 urtetik ez da Urolako trenik pasatu Azpeitiko tren geltokitik. Bigarrengo argazkian, proiektuaren ikerketaren aurkako herritarrak.

Eusko Jaurlaritzak egindako azterketaren helegiteetan trenbidea bidaiarien garraiorako erabiltzea eskatu dute Azpeitiako, Zestoako eta Zumaiako udalek

Bailarako bizilagun talde batek "bailara osoaren beharrak kontuan hartuko dituen garraio plan integrala" eskatu du

1986ko uztailaren 4an 21:10ean egin zuen azken bidaia Urolako Trenak. Hor amaitu zen 1926ko otsailetik martxan egon zen trenaren ibilbidea. Orain, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Saila Azpeitia eta Zumaia arteko Urolako trenbidea berriro irekitzea aztertzen ari da, gaur egun errepidez garraiatzen diren merkantziak eramateko aukera ona izan daitekeelakoan. Proiektu horren azterlana jendaurrean dago eta, helegiteak aurkezteko epea herenegun amaitzen bazen ere, beste hamar egunez luzatu ahal izan dute, kaltetuei ez baitzaie nahikoa denborarekin abisatu.

Aipatutako merkantzia hori, batez ere Azpeitiko Landeta auzoan eta Azpeitia eta Zestoa arteko Lasao auzoan kokatutako Grupo Alfonso Gallardo enpresaren bi lantegietatik ateratakoa litzateke. Trenbide berriak, enpresa honen Landeta auzoko laminazio lantegia eta Zumaiako tren geltokia lotuzko lituzke. Alfonso Gallardo enpresako arduradunek, ordea, azpimarratu nahi izan dute "herritarrek izan dezaketen informazio bera" daukala enpresak ere: "Ez daukagu azterketa horrekin eta proiektuarekin zerikusirik".

Erreakzioak berehala

Albisteak berehala ekarri ditu modu batera edo bestera eragiten dietenen erreakzioak; Azpeitia, Zestoa eta Zumaiako udalenak eta herri horietako herritarrenak. Helegiteak aurkeztu dituzte guztiek, eta kexuek ildo nagusi bat hartu dute. Izan ere, azterlanean ez da kontuan hartu trena, merkantzien garraiorako izateaz gain, bidaiarien joan-etorrietarako ere izan zitekeenik, eta behin azpiegiturak egiteaz, ados dira udal guztiak, bi aukerak uztartu beharko lituzkeela trenbide berriak. Udal hauek eskualdean garraio publikoaren eskasia dagoela ikusten baitute.

Azpeitia, eraginen beldur

Azpeitiko Udalaren helegitea Udaleko lau alderdien artean adostu dute, eta trenbidearen ibilbidearen inguruetako etxebizitzei eragingo dieten oztopo, zarata eta dardaretan zentratu da.

Azterketak baserri bideetarako trenbide pasagune asko kentzea aurreikusten du, eta Udalak horietako zenbait kasutan (Enparan Zelai etxea, eta Basabe baserri tartea, Basabe baserria, Badiolegiko araztegia, Lasao, Zabalia eta Uresaundi, besteak beste), lehendik zeuden pasabideak kentzeak biztanleei nola eragiten dien sakonago aztertu eta "irtenbide egokiak" bilatu behar direla adierazi du. Azpeitiko herriaren mugez gaindi ere, Zestoa eta Zumaiako lurretan, baserrietarako hainbat sarbide birmoldatu beharko dira, trazatu berriak hala eskatuko bailuke.

Horrez gain, trenbide osoan zehar joango liratekeen hesiak ez direla beharrezkoak uste dute, "sortuko duten inpaktuaz gain, hori jartzea arrazoitzen duen arrisku zuzenik ez dagoelako".

Gainera, trenbidearen proiektua gauzatuko balitz, horretarako beharrezko diren lursailak eskuratzerakoan Eusko Jaurlaritzako eskudun den organuak "lurjabeekin borondatezko akordioetara" iristeko ahalegina egin dezan eskatu du Azpeitiko Udalak.

Gallardok "zerikusirik ez"

Alfonso Gallardo taldeko Corrugados Azpeitia SLU enpresako ingurumen arduradun Pello Agirrek adierazi duenez, "enpresak herritarrek duten informazio bera" du. "Badakigu Eusko Jaurlaritza azterketa bat egiten ari dela, baina ez du gurekin zerikusirik. Gauza bat da altzairutegiaren proiektua eta bestea da Eusko Jaurlaritzak duena; gure proiektuak ez du azpiegitura orokorrekin zerikusirik". Azpiegiturak, ordea, zuzenean izango zaizkio baliagarri enpresari trenbide proiektu hau aurrera eramanez gero: "Azpiegiturak egiten badituzte, probetxua aterako diegu, noski, baina ez da guk eskatu dugun zerbait".

Interes publikoa pribatuen gainetik jartzeko eskatu dute herritarrek

Urolako trenbidearen proiektu berriak kezka sortu du hainbat herritarrengan. Bailarako bizilagun talde bat elkartu eta agerraldi publikoa egin du Azpeitian, euren eskakizunak plazaratzeko.

Herritarren plataformaren arabera, "argi geratzen da diru publikoarekin eta trenbide sare publikoan aurrera eraman nahi den egitasmoa Grupo Alfonso Gallardoren interes pribatuetara mugatuta dagoela". Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Garraio Sailak bideratutako eta Fulcrum enpresak garatutako ikerketan Urolako Trena merkantzia garraio helburuetarako soilik berrirekitzeko eskaintza, hasieran sei enpresa pribaturi egin zietela adierazi du herritar taldeak, eta egitasmoaren inguruan Grupo Alfonso Gallardok soilik adierazi zuela benetako interesa gaineratu dute.

Ikerketak bailarako "behar guztiak" ez dituela kontuan hartzen salatu dute: "Etekin ekonomiko zehatzei kasu egiten die soilik, onuraduna garai batean Urolako Trena bertan behera gelditzearen erantzule nagusia izan delarik".

Asmoak eta eskaerak

Bailara bertako bizilagunentzat lotuko duen "garraio erabilgarri bat eskuratzeko ikerketa bat bultzatzea" da herritar taldearen asmoa.

Grupo Alfonso Gallardoren neurrira egindako ibilbidea alde batera utzi, eta "garraio plan integral" baten beharra ikusten dute herritarrek. "Aurkeztu diguten ikerketa honek ez du aurreikusten horrelakorik, gure bailaran aspaldiko beharra eta eskaera izanagatik; ez gaituzte kontuan hartu gaurdaino", adierazi dute agerraldian.

Honenbestez, ikerketaren atzerapena eskatu dute "bailara osoaren behar guztiak barne hartuko dituen garraio plan integrala landu ahal izateko". Atzerapena bideratzeko, herritarren ordezkari diren bailarako udalen elkarlan instituzionala eskatu du taldeak.

Sare soziala, ezinbestekoa

"Interes pribatuetara egokitutako proiektua" arbuiatu, eta bailararentzat "erabilgarria" izango den trena lortzeko taldeak "ezinbestekoa" deritzo bailara mailan sare sozial egituratu bat lantzen hastea. "Guztion elkarlanaz gure Udalak ere ikerketa hau biztanle guztion beharrei erantzuteko presio bide izan behar baitu", esan dute.