Herriko Antolamenduaren Plan Orokorra berriro egingo du Udalak, Etxebeltzeko auziari irtenbidea emateko

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2009ko uzt. 24a, 18:07
Etxebeltz-Izarran babestutako etxebizitza tokatu zaien herritar asko egon da pleno aretoan (NEREA URANGA)

Hala erabaki dute gaur eguerdiko ezohiko udalbatzarrean, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin da

Arau ordezkatzaileak berriro egiteak Etxebeltz eta Julian Elortza guneetako etxeei eta Soreasu kulturguneari eragingo die, besteak beste

Herriko Antolamenduaren Plan Orokorra berriro egingo du Udalak. Hala erabaki dute gaur (ostirala) eguerdiko ezohiko udalbatzarrean, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko aldeko bederatzi botoekin. EAJ abstenitu egin da (zortzi boto); EAJ dago udal gobernuan eta jeltzalea alkatea (Julian Eizmendi).

Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen auziari irtenbidea emateko bidea erabaki dute, honenbestez, ezohiko udalbatzarrean. Baina arau ordezkatzaileak berriro egiteak ez dio Etxebeltzeko guneari bakarrik eragingo. Auzi horren baitan herriko beste hainbat proiektu eta gune daude; besteak beste, Soreasu kulturgunea eta Julian Elortza hiribideko etxebizitza tasatuak.

Joan den abenduan EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen Etxebeltz-Izarrako, Soreasuko eta koarteleko hirigintza planak.

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxejabeetako asko joan da udalbatzarrera, baita herriko alderdi politiko batzuetako kideak ere.

Gaurko udalbatzarrean, EAJk egindako proposamena bozkatu dute aurrena. Hau da, aldi berean bi bide jorratzea: batetik, "A aukera", 2007ko Arau Ordezkatzaileetan finantza eta ekonomia txostena txertatzea; eta bestetik, "B aukera", Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra berriro egiten hastea. "A gehi B aukera" bozkatu dute aurrena. Ordea, hori ez dute onartu: EAJren aldeko botoak bakarrik jaso ditu; ezker abertzaleko zinegotziek, EAkoek eta Aralarrekok kontrako botoa eman dute. Julian Eizmendi alkateak esan duenez, EAJren proposamena "auzi honi irtenbidea emateko ahal diren aterabide guztiei heltzea da, izan ditzaketen abiadura desberdinak kontutan hartuta. Hau da, A aukera azkarragoa litzateke berriro Arau Ordezkatzaileak egitea baino, eta guk horregatik heldu diogu aukera horri ere". Eizmendiren arabera, finantza eta ekonomia txostena gehituta 6-7 hilabeterako auziari irtenbidea emateko aukera egongo litzateke. "Bi aukerak batera egiteko modukoak dira", esan du Eizmendik.

Baina, oposiziokoek bestelako iritzia dute, hauen ustez bi aukerak ez dira batera egiteko modukoak. Ezker abertzaleko zinegotzi IƱaki Errazkinen esanetan, "2007an onartutako Arau Ordezkatzaileek ere Zatikako Planak duen arazo berdina dute. Bestalde, bi Arau Ordezkatzaile aldi berean ezin dira aurrera eraman. Denbora aldetik zaila da esatea Plan Orokorra noizko egingo den, baina urte eta erdiko epean martxan jartzeko konpromisoa hartu behar dugu". EAkoak eta Aralarrekoa ere bat etorri dira Errazkinekin, eta hauek gaineratu dute "dagoeneko nahiko denbora galdu" dela.

Kaltetuen haserrea

Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko etxebizitzetako kaltetuetako batzuk hitza hartu dute udalbatzarrean. Batek esan duenez, "dagoeneko bidea luze dihoa, eta ez dago eskubiderik herria hainbeste denboran horrela edukitzeko. Gauzak hasieratik gaizki egin ziren eta hori ez duzue onartzen. Ez dago eskubiderik herritar batzuk sei urtean etxearen zain edukitzeko".

Plan Orokorra berriro egiteko hiru urte inguru beharko direla esan du alkateak. Baina, jendartean zegoen Azpeitiko alkate izandako Jose Mari Bastida eta honek ere hitza hartu du. "Nik 24 urteko esperientzia dut, eta gutxienez lau urte beharko dira Arau Ordezkatzaileak egiteko", esan du Bastidak.

Etxebeltz-Izarrako eremuan etxebizitza pribatuez gainera, babes ofizialeko 208 etxebizitza eraikiko dituzte. Dagoeneko, 154 etxebizitzaren zozketa eginda dago. Baina, EAEko Auzitegi Nagusiak besteak beste gune horri dagokion Zatikako Plana baliogabetu egin zuen, finantza eta ekonomia txostena falta zuelako.

Hemen 2007an EAJk eta PSE-EEk onartutako arau ordezkatzaileak.

Hemen Etxebeltz-Izarrako bi proposamenak eta kronologia.