Landaberriko taldearekin hasiko da Azpeitian Dantzan larunbatean

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2009ko eka. 26a, 14:06

Emanaldia 20:00etan izango da, herriko plazan

Herriko hiru talderen ikuskizunak ikusteko aukera izango da aurten: saloiko dantzen saioa, Itsasi Dantza Taldea eta Sahatsa Dantza Taldea

Zazpi dantza emanaldi antolatu dituzte aurten Azpeitian Dantzan-en baitan; horietatik hiru herriko taldeenak dira. Bihar, larunbata, da lehen emanaldia, 20:00etan, herriko plazan. Gaurkoan Landaberriko antzerki-dantza tailerrekoen txanda izango da, Fandantragoreinusot ikuskizuna egingo dute.

Emanaldian, haurrek, gazteek eta helduek hartuko dute parte, hainbat estilotako koreografiak eskainiz: "Garaikideak, modernoak, euskal dantzen kutsukoak...". Guztira hamar pieza egingo dituzte oholtza gainean.

Emanaldiak gaur hasi eta San Inazio egunera bitartean izango dira, gehienak asteburuetan. Herriko hiru talderen ikuskizunak ikusteko aukera ere izango da aurten: Saloiko dantzen saioa uztailaren 12an izango da, herriko plazan. Itsasi Dantza Taldearen txanda uztailaren 18an da, Izarraitz pilotalekuan; eta, Sahatsa Dantza Taldearena, uztailaren 24an, Olazko Amaren plazan. Gainontzeko talde guztiak kanpotik etorritakoak izango dira: Gipuzkoatik, Lasarte-Oriako Landaberri antzerki-dantza tailerra eta Irungo Acroindar taldea. Peruko, Cosandanea taldea eta Sri Lankako Sama dantza taldea.

Uztailaren 18an, Itsasi Dantza Taldeak Laga Boga dantza ikuskizuna estreinatuko du. Euskal Herriko hainbat dantza tradizional eta euskal kantagintzako doinuekin sortutako koreografia berriak ere egingo dituzte. Mikel Laboa zenari omenaldi txiki bat ere egin nahi diote Itsasikoek, horregatik Baga Biga abestiarentzako koreografia bat sortu dute.

Azpeitia Dantzan 2009, egitaraua

Ekainak 27, larunbata

  • Fandantragoreinusot

(Landaberriko antzerki-dantza tailerra)

Uztailak 4, larunbata

  • Acroindar

(Dantza akrobatikoaren emanaldia)

Uztailak 12, igandea

  • Saloiko dantzak

Uztailak 18, larunbata

  • Laga Boga

(Itsasi dantza taldea)

Uztailak 24, ostirala

  • Peruko Cosandanea taldea eta Sahatsa taldea

Uztailak 31, ostirala

  • Sri Lankako Sama dantza