Zine emanaldia eta afari tertulia gay, lesbiana eta transexualen egunean

Uztarria.eus 2009ko eka. 26a, 12:06

Igandean izango da; Betharran Aretoan Maldito felpudo filma ikusi eta ondoren afari tertulia egingo dute

"Sexualitatea askatasunez bizi nahi dugula ozen aldarrikatuko dugu", diote Urola Kostako Bilgune Feministatik

Igandean, ekainak 28, gay, lesbiana eta transexualen harrotasun eguna ospatuko da. Urola-kostako koordinadora feministak, honen inguruan, "aurka diharduten guztiei hortzak erakutsi eta sexualitatea askatasunez bizi nahi dugula ozen aldarrikatzeko", Azpeitian hainbat ekimen antolatu dituzte.

Harreman eredu berrien alde lesbianok kalera lemapean, manifestazioa egingo dute Zarautzen 18:00etatik aurrera. Azpeitiko Bilgune Feministak deialdiarekin bat egin eta bertara joateko deia egin du. 19:30ean zine emanaldiari hasiera emango diote; Betharran Aretoan Maldito felpudo filma izango da ikusgai. Ondoren, afari tertulia egingo dute.

Urolako Bilgune Feministatik ekainaren 28an mundu guztia kalera ateratzeko deia luzatu dute, festa giroa aldarrikapenekin uztartzeko.

Ekainaren 28an, harreman eredu berrien alde lesbianok kalera!

Ekainarekin batera iritsi zaigu hilaren 28a, gay, lesbiana, transexual zein bisexualen harrotasun eguna, eta aurtengoan ere badago zer aldarrikatu!

Jaiotzetik inposatzen diguten eredu heterosexistak eragin zuzena du egungo harreman eta sexualitate ereduan. Hau guztiak, emakumeon sexualitatea amatasunera eta ugalketara bideratzen du. Emakumeok sexualitatea bizitzeko orduan ere, badirudi emakumeon lana gizonei plazerra ematea dela.

Elizak, instituzioek, komunikabideek, eskolak, sistema honek, eta berau elikatzeko erabiltzen duten hezkuntza sistemak, lesbofobia, homofobia, transfobia... sortzen ditu, harreman eta familia eredu heterosexistak bultzatuz. Identitateak bizitzeko modu ezberdinak ere ezkutatzen dituzte, errealitatea ukatzen saiatzen direlarik horretarako.

Nazkatuta gaude darabilten tolerantzia faltsu honekin. Lesbianok gure eskubideak tinko defendatu behar ditugu, eta horretarako, ikusezintasunarekin amaitu behar dugu gure presentzia jendarteratuz. Homosexualitatearen aurka diharduten guztiei hortzak erakutsi eta sexualitatea askatasunez bizi nahi dugula ozen aldarrikatuko dugu, parekidetasunaren bidean arau heterosexista suntsituz.