"Presoen argazkiekiko jazarpenaren aurrean jarrera argi bat har dezan" deia luzatu dio AAMk Udalari

Uztarria.eus 2009ko eka. 17a, 20:06

Txarrantxa tabernatik presoen argazkiak kentzeko agindua eman dute ertzainek; lehen Erdi kaleko erakusleiho batekoak eta kale paretetakoak ere kendu zituzten

"Euskal preso politikoen argazkiak ezabatu nahi dituzte gure herrian gatazka politiko baten existentzia ukatzen duten horiek", dio AAM-k

Juan Karlos Arruti Paterra Kordobako espetxera aldatu dutela jakinarazi dute

"Euskal preso politikoen argazkiak ezabatu nahi dituzte gure herrian gatazka politiko baten existentzia ukatzen duten horiek". Horrela dio Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur plazaratu duen oharrean, azkenaldian herriko zenbait tokitan ertzainek euskal presoen argazkiak kendu dituztela eta.

Poliziak era horretako azken ekintza orain dela egun batzuk burutu zuen Txarrantxa tabernan, AAMren esanetan Azkoitiko komisariako agindu batekin eta "espainiar Entzutegi Nazionalera informea bidaltzeko mehatxu argia" eginez. Aurretik, Erdi kaleko erakusleiho batean zeuden presoen argazkiak kendu zituzten, "Ertzaintzaren eta Azpeitiko alkatearen aginduz", eta herriko kale paretetan jarritako presoen argazkiak ere kendu izan dituzte. "Elkartasun Egunerako prentsa agerraldian ere Ertzaintzaren jazarpena onartezina izan zen", AAM-koen hitzetan.

Presoen argazkiak kentzearena estrategia zabalago baten barruan kokatu dute Amnistiaren Aldeko Mugimendukoek. "Ez da berria euskal preso politikoekiko elkartasuna zigortzeko espainiar gobernuak erabaki eta kolore guztietako poliziek bultzaturiko jarduna", diote; "euskal presoen argazkien aurkako sorgin ehiza" jardun horren barruan egindako "azken urratsa" litzateke, horrenbestez.

Herrira etorrita, "Azpeitiko euskal preso politikoek ehunka herritarren babesa dutela argi gelditu da azken urteotan", AAM-ren aburuz. "Elkartasunak indar handia du Azpeitian eta gure aldetik argi utzi nahi dugu presoen argazkiekiko jazarpen honen aurrean elkartasun pareta batekin aurkituko direla gure herrian ere", diote. Horrela, Azpeitiko Udalari deia luzatu diote AAM-tik, "jarrera argi bat har dezan jazarpen honen aurrean". Herriko eragile sindikal eta sozialei ere zuzendu zaizkie, "preso politikoen eskubideen defentsan konpromiso sendoak" har ditzaten.

Arruti Kordobara eraman dute

Bestalde, Juan Karlos Arruti Paterra Azpeitiko presoa joan den ostiralean espetxez aldatu zutela jakinarazi du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "20 urte beteko ditu preso azaroan eta azken asteak bere ziegan itxiak eman ditu, espetxezainak euskal preso politikoak biluzten eta ukatu ezkero isolatzen ari direlako", azaldu dute. Ostiralean, Puerto Santa Maria I (Andaluzia, Espainia) espetxetik Kordobako (Andaluzia, Espainia) espetxera eraman zuten.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org