Gero eta gehiago

Enekoitz Esnaola 2009ko eka. 11a, 20:06
Uemako udal partaideak. ('Berria')

Araitz, Larraun, Etxalar, Bera, Elgeta, Amezketa eta Busturiarekin identifika gaitezke zapatu honetan azpeitiarrok: Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartuko dira, Ueman.

Azpeitia iazko apirilaren 5ean sartu zen. Orain udal gobernuan dagoenak kontra bozkatu zuen —EAJk—, baina Udalaren erabakiak hor dihardu.

Otxandio ere sartu zen orduan udalerri euskaldunen klubean. 52 ziren. Larunbatetik aurrera, 61. Bertako euskaldunak euskaraz bizitzeko hautua egina dute 61 herriotako udalok. Gero eta gehiago dira.

Lehengo igandean Ramon Etxezarreta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Berrian (BerriaTB) zioen "euskararen mapa" dela berea eta hori hartuko duela kontuan. Nafarroa ere bai, ondorioz, ezta? Begiratu, adibidez, zer esan duen Jon Bollar Uemako lehendakariak: "Adierazgarria da azken hilabeteetan Nafarroatik heldu zaizkigula Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko eskaera gehienak". Baina Nafarroan euskarak hiru eremu ditu, eta denean ez da ofiziala. Han euskararen mapak barne marrak ditu, euskaldun diferenteak daude.

Izango da aldarrikapenerako garairik. Oraingoz, zapatuan festa Beran. Nafarroan.