'Slow food' saioa egingo dute ostiraleko azokan

Uztarria.eus 2009ko eka. 11a, 12:06

Slow food mugimenduak herrialde bakoitzeko nekazaritza ekoizpenak sustatzen ditu

Fede Pacha sukaldariak azokako produktuak erosi eta pintxoak prestatuko ditu

Bailarako baserritarrek bihar, ostirala, egingo duten azokan, Slow food deritzon mugimenduaren berri gertutik ezagutzeko aukera izango da. Slow food mugimenduak herrialde bakoitzeko nekazaritza ekoizpenak sustatzen ditu, betiko erak eta moduak errespetatuz eta dastatzen denaren hausnarketa bultzatuz.

Fede Pacha Donostiako Morgan jatetxeko eta Irizar sukalde eskolako irakaslea Azpeitiko azokan izango da bihar eta mugimenduaz azalpenak emateaz gain, bertako produktuak erosi eta horiekin pintxoak prestatuko ditu. Saioa 18:00etan hasiko da.

Azpeitiko Udalak, Ingurugiro Etxea Fundazioa eta Gipuzkoako Slow food fundazioak elkarlanean antolatutako ekimenaren helburuak elikaduraz gozatzen ikastea eta euskal produktuen aldeko apustua egitea da, besteak beste. Slow food erakundea, 1989tik irabazirik gabeko sustapen lana egin izan du industri erraldoien aurrean, tokiko ekoizpen txikiek egiten duten lana gizarteratu nahian.